Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lehia8 koralek parte hartu zuten Antonio Jose VI. abesbatza lehiaketan. Guztiak ere ostiralean Burgosko Cordon etxeko patioan kantatu zuten lehiaketan derrigorrezkoa zen Antonio Joseren Romance de rosa fresca konposizioa. Horrekin batera beste bi kantu eman zituzten. Etxarriarrek lehiaketako sailkatze txandarako José Ignacio Prietok armonizatutako Burgosko Morito Pititón herri kanta eta Luis Blanes Arquesen Mendi gaña abestu zituzten. Etxarriarrek Euskal Herritik joandako abesbatzen mailen berri bazuten, baina ez gainontzekoena. Horregatik, eta guztiak entzun ez zituztelako, finalerako sailkatutako 4 abesbatzen berri jakin arte urduri egon ziren etxarriarrak. Izan ere, lehiaketan parte hartu zuten zenbait abesbatzen maila oso parekoa izan zen. Etxarriarrek uste baino maila altuagoa opatu zuten. Eta hori bera nabarmendu zuen antolatzaileak, Burgosko kulturako udal institutuak, orain arte egin diren txapelketetan maila handiena izan duena izan dela. 21 abesbatzek egin zuten parte hartzeko eskaera eta antolakuntzak eskaera DVDak aztertu eta gero 8 onenak aukeratu zituen. FinalaLarunbat arratsaldean jokatu zen Antonio Jose VI. abesbatza lehiaketako finala. Etxarri Aranazko abesbatzak derrigorrezko piezaz gain Trond Kvernoren Ave Maris Stella eta Javier Bustoren Sagastipean kantatu zituen. 4 abesbatzek bere saioa eskaini eta gero epaimahaiak erabaki zuen lehen saria Beasaingo Loinatz abesbatzari ematea. Etxarriarrak bigarren izan ziren, eta haien atzetik sailkatu ziren Madrilgo San Jorge koroa eta Leoneko Ángel Barja koroa. Publikoaren saria madrildarrek eskuratu zuten, eta hor ere etxarriarrak bigarrenak izan ziren. Bestalde, igandean lehiaketako abesbatza guztiek kontzertua eskaini zuten. Etxarri Aranazko abesbatzako 47 kideak eta Alicia Armendariz zuzendaria pozik bueltatu ziren Burgostik. Ez bakarrik lortu duten 1.950 euroko poltsagatik eta abenduaren baterako Burgosen hitzartu duten kontzertuagatik. Baizik eta egindako lanak emandako poztasunagatik. Burgoskoa Etxarri Aranazko abesbatzak aurten lortu duen bigarren saria da, Ejea de Caballerosen apirilean 3. saria eskuratu eta gero. Sariak lortzea lanean gogoz segitzeko bultzada emanen dio Etxarri Aranazko abesbatzari.