Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreikusten zen bezala, Mindegiak ezin izanen du biharko lehian aritu. Belaunean mina hartu zuen eta ebakuntza egin zioten meniskoan. Horrenbestez, agur esan dio txapelketari eta Fausto Mugertzak hartu du haren lekua. Beraz, bihar, arratsaldeko 19:00etan Leitzako Amazabal frontoian jokatuko den Urrezko Aizkoraren final-laurdenetan, aita-semeak arituko dira bata bestearen aurka, aita Rekondorekin batera, eta semea Nazabalekin batera. Azken bi hauek dira faboritoak. Etxarriarra eta laguna orain arteko bi norgehiagokak irabazita iritsi dira final-laurdenetara. Horietako batean aurtengo txapelketan egin den denborarik onena ezarri zuten gainera, 19:42koa.Egin beharrak Orain arte izandako lan bera izanen dute: 1. proban, 45 ontzakoa zeinek golpe gutxiagotan moztu arituko dira, aizkolari bakoitzak alde bat moztuz. 2.ean, 45 ontzako 2 enbor moztu beharko dituzte erlojuz kontra, aizkolari bakoitzak 1. 3.ean, zutik dagoen kana erdikoa edukiko dute mozteko, txanda librean. 4. proba, 45 ontzakoa moztea izanen dute, 1 zutik eta bestea etzanda, txanda librean. Azken aurrekoan, bi kana erdiko izanen dituzte mozteko, aizkolari bakoitzarentzat bat. Eta amaitzeko, 6 enbor izanen dituzte, 45 ontzako bi, 54ko beste bi eta kana erdiko bi, txanda librean mozteko. Aldaketak ere badira ordea: Orain arte aizkolari guztiak batera hasten ziren eta proba bakoitzeko denborak hartzen ziren kontuan. Bihar berriz, joan zen astean Oionen egin bezala, lehenengo proban bakarrik hasiko dira batera. Beste probetan aurretik doana izanen da hasten lehena, eta atzetik doana, berriz, ondoren hasiko da, aldeak murrizteko asmoarekin.Nazabal sasoi onean Iazko txapelketan txapeldun izan zen Nazabal. Aurten ere sasoi onean dagoela erakusten ari da. Dena dela, txapela jantziko badu, biharko norgehiagoka irabazi beharko du, Mugertza II.arekin batera.