Floren Nazabalek eta Ugaitz Mugertzak ezin zituzten mendean hartu Donato Larretxea eta Aitzol Atutxa. Aurreikusi bezala, parez pare ibili ziren bi bikoteak. Lan ona egin zuen bikote gazteak eta arerioak gogotik lan egitera behartu zituzten. Norgehiagoka ez zen azken momenturaino erabaki.Final aurreratua Ikusmin handia sortu zuen bi bikoteen arteko norgehiagokak. Aurreratutako finala izanen zela iragarri zuenik ere bazen. Bikoteek sei proba zituzten eta horiek amaitzen lehenak eskuratuko zuen finalerako txartela.45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan erdibitu izan zuten lehen proba. Larretxea eta Atutxarendako izan zen lehen proba, 32 golpe behar izan zituzten eta, Etxarrikoak eta lagunak baino 5 gutxiago. 2. proban aldatu egin ziren gauzak, Nazabal eta Mugertza izan ziren 45 ontzako bi enborrak zatitzen lehenak, 1,29ko denborarekin. Baina segundo bakarreko aldea atera zieten arerioei.Hurrengo proban, 3.ean, zutik oinbikoa moztu behar izan zuten txanda librean. 4 minutuko denborarekin, Nazabal eta Mugertza izan ziren horretan lehenak eta lortutako aldeari esker (21 segundo), lehian aurretik jarri ziren. Baina, zoritxarrez, zaintiratua izan zuen Etxarrikoak proba honetan. Gerora horren ondorioak pairatu zituen.Laugarren proban bi kana-erdiko zituzten mozteko, bat zutik eta bestea etzanda. Nazabal eta Mugertza Larretxea eta Atutxa baino sei segundo azkarragoak izan ziren. 80 ontzako enborra moztea zuten hurrengo lana. Gutxitan edukitzen dute aizkolariek neurri horretako enborrari aurre egin beharra. Honetan ere Donato eta Aitzol izan ziren azkarrenak.Seigarren eta azkeneko probara iritsi zirenean lehia erabaki gabe zegoen. Txanda libreko proba luzea zuten, biko bakoitzak, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzakorekin. Nazabali oinazeak nahi zuen maila ematea eragotzi zion. Egoera probestu zuten Larretxeak eta Atutxak, eta 10 minutu eta 26 segundorekin, proba amaitzen lehenak izan ziren.Donato Larretxeak eta Aitzol Atutxak 24 minutu eta 18 segundo behar izan zituzten proba guztiak egiteko. Etxarriarrak eta Mugertzak, berriz, 25 minutu eta bost segundo. Ondorioz, iazko txapelduna, Floren Nazabal, finaletik kanpo geratu da.Buruz burukoa helburu Binakako Txapelketatik kanpo geratu ondoren, Buruz Buruko Txapelketa izanen du orain helburu Nazabalek. Oraindik data zehatzik ezagutzen ez bada ere, Egursportek aurreratu duenez, martxoan jarriko da abian txapelketa. Aurreko urtetan bezala, hiru mailetan neurtuko dira aizkolariak: 10 aizkolari lehiatuko dira 18 urtez beherakoen mailan, beste horrenbeste 25 urtez beherakoenean eta helduen mailan, berriz, 40 inguru. Azken maila horretan lehiatuko da etxarriarra.