Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Portugalgo Liberty Seguros taldean jarraitzen du Pablo Urtasunek denboraldi honetan. Baina iazkoan ez bezala, denboraldi hasiera "lasaiagoa" izanen du. Algarve eta Murtziako itzuliak eginen ditu Urdiaingo txirrindulariak. Bere asmoa apirila edo maiatzerako sasoi betean egotea da, orduan jokatuko baitira Lizarra, Errioxa, Asturias eta beste hainbat proba eta itzuli.Sasoi puntu on horren ondoren, erritmoa jaitsiko du, atzera ere, agorrilerako bete-betean aritzeko. Izan ere, hilabete horretan Portugalgo itzulia jokatzen da eta taldearendako proba garrantzitsua da, orduan berritzen baitira babesleen kontratu guztiak. Pablok ilusioz hartu du denboraldi hau, jakinik, gainera, bere taldeak estatuko proba gehiagotan parte hartuko duela. Iazko garaipen kopurua berdindu edo handitzea gauza handia litzateke.