Lasak garaipenik gabe esan dio agur Eskuz Binakakoari

Guaixe 2008ko otsailaren 26a

Koka - Begino 22 Olazabal - Lasa III.a 12 Koka eta Beginorendako partidu erabakigarria zen astelehenekoa. Finalerdietara pasatzeko 6 tantotan utzi behar zituzten Olazabal eta Lasa. Zaila zuten, baina Olazabalek eta Etxarriko atzelariak azken partidetan tanto horiek gainditu ez zituztela jakiteak itxaropena ematen zien. Baina norgehiagokak aurrera egin ahala, huts bakoitzak urrundu egiten zituen ametsetik. Azkenean, 12 tanto egin zituzten Etxarrikoak eta bikotekideak. Koka eta Beginorendako garaipena, baina ezer gutxirako balio diena. Lasa III.ak, bere bikotekide titular Eugirekin nahiz haren ordezko Olazabalekin, zortzitik partidu bakar bat irabazi gabe esan dio agur Eskuz Binakakoari. Alde horretatik pena zuen Etxarrikoak, baina pozik zegoen txapelketan egindako jokoagatik. Datorren urterako ere prestatuko dela adierazi zuen sakandarrak.Asteburu honetan hasiko dituzten final-laurdenak Gonzalez-Barriolak, Titin-Laskurainek, Olaizola II.a-Mendizabalek eta Bengoetxea-Ruizek.