Gorka Verdugok hasiera bikaina eman zion Valentziako Itzuliari

Guaixe 2008ko otsailaren 27a

Badirudi lanerako gogoz iritsi direla txirrindulariak Valentziara. Itzuliaren lehen egunetik hasita, ihesaldiak izan ziren eta 25 laguneko talde txikia iritsi zen helmugara eta 1:33ko aldea atera zieten tropel nagusiari. Datorren egunetan ezusterik ez bada, baliteke itzuliaren irabazlea 25 horien artean egotea. Tartean daude Gorka Verdugo eta bere taldeko lider Haimar Zubeldia.Hain zuzen ere, Etxarriko txirrindularia izan zen eguneko protagonistetako bat. Lehen mendatea hastera zihoala, 38. kilometroan, eguneko ihesaldian sartu zen etxarriarra, Manuel Vazquez eta Claudio Casasekin batera. Tropelari zazpi minututik gorako errenta ateratzera iritsi ziren, Saunier Dubal eta Astana tiratzen hasi ziren arte. Garbi mendatean Contadorrek erasoa jo zuen eta, Cofidis taldeko Rein Taarame estoniarrarekin batera, Gorka eta Vazquez harrapatu zituzten. Kilometroak aurrera, 25 txirrindulariko taldea bildu zen etaparen buruan. Saguntoko helmugan, Caisse d´Epargneko Ivan Gutierrez gailendu zen. Gorka Verdugo 10. lekuan iritsi zen, denbora berean.Gutierrez da itzuliko lehen liderra, 3:46,59ko denborarekin. Ihesaldian lortutako puntuei esker, Gorka Verdugo sailkapen nagusiko 5. lekuan dago, liderrarengandik 6 segundora. Bera da lehen euskalduna.Gaurko etapan, 178 kilometro dituzte, Alzira eta Xativa artean. Bidean, Barxeta gaina gainditu beharko dute eta lau aldiz igo beharko dute hirugarren mailako Benigamin gaina. Ea Etxarrikoak bide onari eusten dion.