Valentziako Itzuliko 2. egunean, Alzira eta Xativa arteko 178 kilometroko etapa zuten txirrindulariek. Hasiera-hasieratik, ihesaldiak egiteko saiakerak egon ziren. 15. kilometroan, Barxeta portua jaisten ari zirela, bost txirrindulariko taldeak ihes egitea lortu zuen, horien artean zegoen Euskaltel-Euskadiko Juanjo Oroz. Iheslari taldeko 3k, Timothy Dugganek, Gustavo Cesarrek eta Juanjo Orozek, aurrera jarraitu zuten erritmo biziarekin. Tropelak ez zien aurre egin eta 4:25eko denbora ere atera zieten. Baina, Xativara gerturatu ahala, esprinterren taldeak lanean hasi ziren. Serratosa portuan harrapatu zituzten, helmugatik 10 kilometrora. Azkenean, esprintean amaitu zen etapa. Milram taldeko Erik Zabel izan zen azkarrena. Gorka Verdugo etxarriara helmugara iristen 9.a izan zen.Ivan Gutierrezek jarraitzen du sailkapen orokorreko lehen postuan. 6 segundora dago Gorka Verdugo, 3. postuan. Estu-estu dago oraingoz sailkapena: Minutu erdiko aldea dago lehen 25 txirrindularien artean. Txirrindulari handiak daude lehenengo postu horietan: Florencio, Contador, Vila, Zubeldia... Beraz, itzulia irekia dago oraindik ere.Itzuliko etapa nagusia dute txirrindulariek. Ibin hasi eta amaituko da etapa eta 4 portu izanen dituzte tartean: berotzeko 3. mailako Canali eta bigarren mailako Turrons, Torremanza eta Carrasqueta jarraian. Azken hau 166 kilometroko etapa amaitzeko 12 kilometrora izanen dute, beraz, mina eginen duela aurreikusten da.Gorka Verdugo oso pozik dago bere denboraldi hasierarekin. Igor Gonzalez de Galdeanok denboraldi hasiera gogorra egitea gomendatu zion Etxarrikoari. Kasu egin zion, baina ez zuen uste horren ongi ibiliko zenik. Denboraldiko bigarren itzulia du hau eta sailkapen nagusiko 3. postuan dago. Lehen postuetan jarraitzen saiatuko da, baina badaki ez dela erraza izango. "Gaurko etapan portu asko daude bata bestearen atzetik, errekuperatzeko denborarik gabe" dio.Txirrindulariek beste bi etapa dituzte aurretik itzulia amaitzeko: Bihar Naqueran hasi eta amaituko den 175 kilometroko etapa dute eta, amaitzeko, Valentzian hasi eta amaituko den 149,5 kilometroko etapa. Azken etapa hauetan portu gutxi dituzte, baina, hala ere, itzulia ez da Valentziako helmugaraino erabakiko.