Bort taldea Alvaro Hermidak, Txus Cariñenak eta Igor Arruabarrenak osatzen dute, eta rock, metal eta doom doinuak lantzen ditu. Irungo hirukotearen azken lanak Fluye y muere du izena eta Etxarrin euren lanen errepasoa eginen dute. Talde honi buruz informazioa lortzeko www.bort8hate.com web gunera jo daiteke. Lekunberriko Berri Txarrak taldeak, aldiz, ez du aurkezpenik behar. 1995ean hasi ziren lanean laukote moduan baina 2004tik aurrera Gorka Urbizu (ahotsa eta gitarra), Aitor Goikoetxea (bateria) eta Mikel Lopez (baxua) daude lanean burubelarri. Orain arte bost disko argitaratu dituzte - Maketa (1995), Berri Txarrak (1997), Ikasten (1999), Eskuak / Ukabilak (2001), Libre (2003) eta Jaio.Musika.Hil (2005)- guztiak ere euskara hutsean eta GOR diskoetxearen eskutik. Berriki Zertarako Amestu titulupean Jaio.Musika.Hil biran oinarritutako DVD dokumentala kaleratu dute, Ibon A. Totorikaren zuzendaritzapean. Taldearen arrakastaren isla, Rockzone aldizkariak 2007ko 10 DVD musikal onenen artean kokatu du aipatu lana. Taldeak eboluzio handia izan du eta esan daiteke euren hasieratik egunera jauzi kualitatibo izugarria eman dutela. Munduan barna lortutako arrakasta ere itzela da. Taldearen albiste guztiak www.berritxarrak.net web orrian jaso daitezke. Bada, gaur gauean musikaz gozatzeko aukera aparta dago Etxarri Aranatzen. Gaztetxetik adierazi dute, halaber, aurki Sociedad Alcoholica taldeak kontzertua eskainiko duela bertan.