Jubilatu elkarteak zuzendaritzaren erdia berritu du

Guaixe 2008ko martxoaren 4a

4 urte zuzendaritzan lanean eman eta gero Raquel Goñik, Manuel Navarrok, Mari Sol Nazabalek eta Pedro Nazabalek ardurak utzi dituzte. Haien ordez beste bi gizon eta emakume sartu dira zuzendaritzan: Pedro Lizarraga (presidentea), Bittori Muguruza (idazkaria), Begoña Berastegi (diruzaina) eta Gregorio Goñi. Beraiekin batera elkartearen zuzendaritzan esperientzia duten Margarita Maiza, Juana Mari Jaka, Juan Mari Artieda eta Onorio Villarejo ariko dira.Larunbatean, zuzendaritza berritu aurretik, ordea, iaz hil ziren Gure Ametsako 8 kideen aldeko mezan izan ziren. Ondoren elkartean egin zen bazkarian 101 kide bildu ziren. Mahaira eseri zirenen artean Maider Goñi alkatea eta Jon Artieda kultura zinegotzia izan ziren. Bazkaria Lizarragako Xabier Senar akordeoilari gazteak girotu zuen. Egoitza handituPedro Nazabal lehendakari ohiak gogorarazi digu zuzendaritzan eman dituzten lau urteetan "udalari eta Nafarroako Kutxari esker, egoitza egokitzea lortu dugu, toki abegikorra eta kategoriazkoa lortu dugu". Hala ere, Pedrok azaldu digunez, egoitza "txiki" gelditu zaio Gure Ametsa jubilatu elkarteari. "Hala ikusi ahal izan zuten udalekoek larunbatean. Eta batzuetan gehiago biltzen gara". Horregatik Etxarriko jubilatu elkarteak udalari egoitza handitzeko eskaera egin zion. Pedro Nazabalek jakinarazi digunez "frontoiko taberna zena, egun gimnasio bezala erabiltzen dena, udalak guri utziko digu, gure egoitza handitzeko". Pedrok aditzera eman digunez, kurtsoa bukatu eta gero jasoko omen luke Gure Ametsak lokal berriaren zesioa. Pedrok azaldu digu, besteak beste, zerbitzu anitzetako gela eta informatika gela prestatuko dutela espazio hartan. Gure Ametsa elkartetik aurreratutako asmoak udalak berretsi dizkigu. Udaletik jakitera eman digutenez gimnasioa kokatzeko hainbat aukera aztertzen ari dira. Zuzendaritzan egindako lanaren errepasoa egiterakoan beste kontu batez ere pozik hitz egin digu presidente izandakoak: gasolindegiko biltegia kentzea. "2 urtetan kexu pila zuzendu nizkion Campsari. Azkenean kendu zuten 10.000 litroko depositu hura. Hartan aritu zen langile batek esan zidan arrisku bizian izan ginela, biltzen ari ziren gasengatik. 200 kilo zabor toxiko atera zituzten guztiz zigilatu aurretik. Orain han udalak jarritako aulki eder bat dago".