Agurain izan du Kaotikok topaleku baina talde honetan sakandar bat ere bada hasiera hasieratik, Xabier Aldaz etxarriarra. Xabierren esanetan Agurainek "zerbait berezia dauka, haizeak gogor jotzen du eta hortik sortu dira La Polla, Kaotiko eta horrelako taldeak". Egun, Aguayo anaiak ere Ziordin bizi direnez, Kaotikok Sakanarekin harreman estua duela esan daiteke. Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuten orain dela 2 aste haien azken diskoa, Adrenalina eta Xabierren esanetan "gaur egungo bizimoduari erreferentzia egiten dio disko honek" Kaotiko taldeak dagoneko 5 disko ditu bizkar gainean; estudioan grabatutako 4 eta Gasteizko aretoan grabatutako zuzenko bat. Estilo aldetik antzekoak diren arren Aldazen ustetan oso ondo landutako diskoa da azken hau. "Presio eta presarik gabe egindako lana da eta hori asko nabaritzen da. Lokalean ordu asko sartu ondoren lan polita atera zaigula uste dugu eta oso kontentu gaude"Oraingoan Aritz Arregi produktorearen laguntza izan dute eta Universal diskoetxea alde batera utzi eta etxera bueltatu dira, Oihuka diskoetxera. Urte beteko lanaren ondoren kalean da 13 abestiz osatutako diskoa. Haietatik 12, haiek egindakoak dira eta bestea Banda Bassotiren Luna rossaren bertsioa da. Aspaldiko kantu hori azken diskora ekarri nahi izan dute eta Banda Bassotikoen kolaborazio izan dute horretarako. Beste kolaborazio "mitiko" bat ere izan dute. Oso ondo ezagutzen duten Evaristok Oh Caroline! kanta abesten du."Laguna denez, kolaboratzeko beti prest azaltzen da".Aspaldiko arantza: euskarazko abesti batEuskarazko abesti bat egitea zen Kaotiko taldearen aspaldiko asmoa eta hori egi bihurtzeko Xabier Silveiraren laguntza izan dute. Bertsolari nafarrak jarri dio Paradisu taberna kantari letra eta oso gustukoa dutela azpimarratu du etxarriarrak.Dagoeneko eskaini dute haien lehen kontzertua; aurreko larunbatean Gasteizko Azkena Aretoan izan ziren eta hemendik aurrera uda bitartean agenda beteta daukate. Hala era, Sakanara hurbiltzeko tartetxo bat aterako dutela agindu du Kaotiko taldeko Xabier Aldaz bateria joleak.