Gorka Verdugok bosgarren postuan amaitu du Valentziako Itzulia

Guaixe 2008ko martxoaren 3a

Bost etapen ondoren, larunbatean amaitu zen Valentziako Volta. Txirrindulariek Valentzia hirian esan zioten agur itzuliari. Beste behin ere, esprinterren artean neurtu zen azken eguneko etapa. Petacchi izan zen helmugan azkarrena.Gorka Verdugo etxarriarrak bosgarren postuan amaitu du itzulia, Ruben Plaza liderrarengandik 21 segundora. Primerako itzulia egin du Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak. Lehenengo etapan ihesaldian sartu zen eta sailkapen nagusiko 3. postura eraman zuen balentriak. Gainerako egunetan ere, lehenengoen artean amaitu ditu lasterketak. Egindako lanaren fruituak jokoan zeuden beste sailkapenetan ere sumatu dira: mendian eta konbinatuan 3. postuan amaitu du itzulia Etxarriko txirrindulariak eta, erregulartasunean, bederatzigarrena izan da.