Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Polizia iturriek zabaldutakoaren arabera, hauteskunde bezperan Iruñeko alde zaharrean zainketa lanak egiten ari zen Foruzaingoaren furgoneta bati molotov koktelekin eraso zioten. Iturri horien arabera, Hodeiren atxiloketa gertakari horren ondoren jazo zen. Berri agentziek zabaldu dutenez, atxiloketaren unean etxarriarrari 6 artefaktu su-emaile atzeman omen zizkioten. Iturri beren arabera gaztea atxilotzeko garaian "sesioa izan zen" eta bi foruzain zauritu ziren. Askatasunak jakitera eman duenez, "Foruzaingoak Hodei atxilotzean zauritu egin zuen". Errepresiaren kontrako mugimenduak zabaldu duenez, atxilotu ondoren Hodei ospitalera eraman behar izan zuten "buruan zuen zauria ixteko. 9 puntu grapa jarri diote kolpe baten ondorioz eragindako zaurian. Gorputzean ere hainbat zauri ditu gazteak". Askatasunak jakinarazi zuenez, gaztea bere konfidantzazko abokatuarekin egoteko aukera izan zuen. Bestalde, Askatasunak jakinarazi duenez, igande eguerdian Hodeiren familiaren pisua 3 orduz miatu zuen Foruzaingoak eta haren objektu pertsonalak eta ordenagailua eraman zituzten. Atxiloketagatik protesta egin eta atxilotuaren askatasuna eskatzeko igandean ehunen bat pertsonek manifestazioa egin zuten Etxarri Aranatzen eta astelehenean 60 bat izan zien. Bestalde, Iruñean, San Lorenzo elizaren ondoan errepidea moztu zuten 30 lagunek astelehenean. Iturrama auzoan igandean 200 bat pertsonek parte hartu zuten errepide mozketan eta astelehenean 100 bat izan ziren informazio batzarrean parte hartu zutenak.