Espetxean sartu dute larunbatean Iruñean Foruzaingoak atxilotutako gaztea

Guaixe 2008ko martxoaren 12a

Grande-Marlaskak Hodeiri leporatu dio: Segiko kidea izatea eta, ondorioz, erakunde terroristako partaide izatea; atentatu terroristan parte hartzea; lehergailuak izatea eta txikizioak eragitea. Epaileak egozten dio ekintza horiek bere Segiko militantziaren baitan aurrera eraman izana. Hodei Ijurkok akusazioak ukatu egin zituen eta epailearen aurrean deklaratzeari uko egin zion. GertaerakPolizia iturriek zabaldutakoaren arabera, hauteskunde bezperan Iruñeko alde zaharrean zainketa lanak egiten ari zen Foruzaingoaren furgoneta bati molotov koktelekin eraso zioten. Iturri horien arabera, Hodeiren atxiloketa gertakari horren ondoren jazo zen. Berri agentziek zabaldu dutenez, atxiloketaren unean etxarriarrari 6 artefaktu su-emaile atzeman omen zizkioten. Iturri beren arabera, gaztea atxilotzeko garaian "sesioa izan zen" eta bi foruzain zauritu ziren. Nafarroako Gobernuak zabaldu duenaren arabera biak bajan daude.Askatasunak jakitera eman duenez, "Foruzaingoak Hodei atxilotzean zauritu egin zuen". Errepresioaren kontrako mugimenduak zabaldu duenez, atxilotu ondoren Hodei ospitalera eraman behar izan zuten "buruan zuen zauria ixteko. 9 puntu jarri dizkiote kolpe baten ondorioz eragindako zaurian. Gorputzean ere hainbat zauri ditu gazteak". Askatasunak jakinarazi zuenez, Hodeik bere konfiantzazko abokatuarekin egoteko aukera izan zuen. Bestalde, Askatasunak jakinarazi duenez, igande eguerdian Hodeiren familiaren pisua 3 orduz miatu zuen Foruzaingoak eta haren objektu pertsonalak eta ordenagailua eraman zituzten. ProtestakAskatasunak nabarmendu duenez "Foruzaingoak entzutegi nazionalern esku utzi duen lehen herritarra da Ijurko". Askatasunak salatu egin du Foruzaingoak "espainiar estrategia errepresiboaren zerbitzura betetzen duen papera". Horrekin batera, errepresioaren aurkako mugimenduak "espetxeratze honi erantzuteko antolaturiko protestetan parte hartzeko deia luzatu" du.Atxiloketagatik protesta egin eta atxilotuaren askatasuna eskatzeko, igandean ehunen bat pertsonak manifestazioa egin zuten Etxarri Aranatzen eta astelehenean 60 bat izan ziren. Bestalde, Iruñean, San Lorenzo elizaren ondoan, errepidea moztu zuten 30 lagunek astelehenean. Iturrama auzoan, igandean, 200 bat pertsonak parte hartu zuten errepide mozketan eta astelehenean 100 bat izan ziren informazio-batzarrean parte hartu zutenak.