Hodei Ijurko Iroz askatzea eskatu dute

Guaixe 2008ko martxoaren 31

Hodei askatu! Errepresioa ez da bidea zioen pankarta izan zen manifestazioaren buruan. Bukaeran Hodei Ijurko Irozen atxiloketa eta espetxeratzea salatzeaz gain, Foruzaingoak Sakana "burutu dituen gauza larriak" errepasatu zituzten, hainbat gertakariren berri emanez. Hodeiren atxiloketarekin Foruzaingoak "errepresioaren alorrean pauso beldurgarria" eman duela nabarmendu zuten eta, aldi berean, salatu zuten "estatu espainiarraren menpe dagoen polizia bihurtzen" ari direla. Gogoratu zuten "Ertzaintza berdin hasi zela" eta "gaur egun ongi dakigu denek zein den bere jokaera. PNVren esanetara dagoen polizia besterik ez da Ertzaintza". Foruzaingoa "UPNren polizia da, ez herriarena, eta bere proiektu politiko faxista Nafarroan inposatzeko" erabiltzen duela salatu zuten amnistiaren aldeko mugimenduko kideek. Horrekin batera, Foruzaingoan ordezkaritza duen ELA sindikatuari zuzendu zitzaizkion galdetzeko "Foruzaingoaren paper errepresiboarekin" ados ote dauden. Manifestazioa Guardia Zibilaren patrol batek zaindu zuen. Larunbata"Ertzaintzarekin gertatu zena" Nafarroan ez gertatzeko "mugitzera" deitu zuten. Altsasun Foruzaingoak duen polizia-etxearen aurrean larunbatean, 19:00etan, eginen den kontzentrazioan parte hartzera deitu zuten. Elkarretaratze horrekin amnistiaren aldeko mugimenduak "Foruzaingoaren jarrera errepresiboaren aurka" agertu nahi du.