Zubietak buruz burukoa mustuko du

Guaixe 2008ko apirilaren 2a

Asteartean aurkeztu zuten buruz buruzko txapelketa, Bilbon. Ekitaldiak pilotari beteranoak eta gaur egungo izar nagusiak bildu zituen, baina aurpegi berriak ere ikusi ahal izan ziren. Zubieta da txapelketa mustuko duenetariko bat.Atarikoa gaindituta Etxarriko pilotariak atarikoa gainditu behar izan zuen buruz buruko txapelketan parte ahal izateko. Martxoaren 14an izan zuen hitzordua Galartza VI.arekin, eta gogotik lan egin behar izan zuen hura gainditzeko. Abantaila hartu zuen aurkariak eta hura gailenduko zela zirudienean, buruan hartutako kolpeak pilotalekutik atera zuen Zubieta. Aldagelatik bueltan, partidan zentratu eta emaitza irauli zuen. 20-22 amaitu zuten norgehiagoka.Gaur hasiko du txapelketa Lau adar ditu txapelketak eta iazko lau finalistak dira zerrendaburu. Norgehiagokak gainditu ahala eginen dute aurrera txapelketan. Hasi berriei dagokienez, fase guztiak gainditu beharko ditu Zubietak aurrera egin nahi badu. Gaur du lehen proba, Zeanurin, 22:15ean, Eulateren aurka. Norgehiagoka gaindituko balu, Leiza izanen luke aurrez aurre apirilaren 13an. Bengoetxea VI.ak eta Olaizola II.ak, iazko txapeldunek, osatzen dute A adarra.Ilusio handiarekin mustuko du etxarriarrak buruz burukoa. Pozik dago egokitu zaion aurkariarekin, "atzelari baten aurka jokatzea nahiago" baitzuen. "Behar bezala prestatu ahal ez izana" du pena, eskuko minez egon baita.Txapelketaz kanpo bada ere, Lasa III.ak emanen dio hasiera Zeanuriko jaialdiari. Titin III.arekin batera, Gonzalez eta Barriolarekin neurtuko ditu indarrak. Chafek, berriz, Tafallako Ereta pilotalekuan du hitzordua, arratsaldeko 20:00etan. Rai bikote duela, Berasaluze VIII.a eta Eskuderorekin neurtuko dituzte indarrak.