Zubietak gertu eduki zuen garaipena

Guaixe 2008ko apirilaren 8a

Hiru aldiz lau puntuko abantailarekin aurretik jarri arren, Zubietak ezin izan zuen Eulate mendean hartu. Hori bai, Oteizako atzelariak gogotik lan egin behar izan zuen txapelketan aurrera egin ahal izateko.Eulate aurreratu zen markagailuan norgehiagokaren hasieran, 7-2ra arte. Baina etxarriarra gogotsu iritsi zen txapelketara eta, dejada eta sakeak lagun, buelta eman zion markagailuari. Lau tantoko aldea atera zion oteizarrari (7-11, 8-12 eta 9-13). Baina, lan erdiak eginak zituela, sakean falta adierazi zion epaileak. Erabaki oker horrek deszentratu egin zuen Zubieta eta horretaz baliatu zen Eulate aldea txikitzeko. Parez pare ibili ziren bi pilotariak, 13, 14, 15, 17 eta 18 tantora berdinduta, baina, hortik aurrera, Eulatek bakarrik batu zituen tantoak, 22-18ra arte.Bere lehen txapelketa honetan, Etxarrikoa mendean hartzeko Eulatek egin behar izan zuen lanarekin geratu beharko gara. Min handia egin zuen Zubietak dejadekin eta sakez ere primeran aritu zen, 8 tanto eginez. Baina urduritasun eta presaren ondorioz, huts latzak ere egin zituen. Patxada eta esperientziari esker eskuratu zuen Eutatek garaipena.