Etxarrik Luis Bakaikoa Martich omenduko du

Guaixe 2008ko apirilaren 11

Etxarri Aranazko abesbatzak aspaldi zuen Luis Bakaikoa Martich omentzeko asmoa eta omenaldia Vianako Printzea sarirako proposamenarekin batera iritsi zaio omenduari. Alicia Armendarizek zuzentzen duen abesbatzak Rosana Garziandia organo-jolearekin batera ariko da Luisen musika eskaintzeko.Biharko emanaldiaren ardatza Luis Bakaikoa Martichen Marillaceko Santa Luisaren ohorezko meza da. 4 ahots mistorako partitura, sainduaren 4. mendeurrenaren kontura konposatu zuen etxarriarrak. Madrilgo katedralean mustu zen 450 emakumez eta 140 gizonez osatutako abesbatzarekin. Luisek organoa jo zuen eta 3 egunetan eskaini zuten emanaldia. GehiagoKonposizio hori ardatza izanen da, baina horrekin batera ere, Etxarri Aranazko Abesbatzak eta Rosana Garziandia organo-joleak egilearen beste konposizio batzuk ere eskainiko dituzte. Horien artean daude Gure Aita eta Agur Maria piezak, larunbatean mustuko direnak. Etxarri Aranazko garai bateko abesbatzari eskainitakoak dira eta orduan ezin izan ziren mustu eta bihar izanen da haien txanda. 7 ahots mistorako konposatu zuen Luisek. Luis Bakaikoa Martichek konposatu zuen Dulce Paraiso lanari Iturgoiengo Sor Anitak jarri zion letra. Azkenik, Mirame madre querida kantua, 3 ahots txuri eta organorako konposatutako motetea. Munduan barna barreiaturik dauden Karitateko Alaben kongregazioko ia 30.000 kideren kantu gogokoena da. Etxarri Aranazko elizan ere, besteak beste entzunen dira, Luisen Caminos de Evangelista (Plegaria del Neosacerdote) abestuko du, Aita Javier Mauleonen letra duen kantua, El Señor es mi pastor eta Aleluia.