Konzezio baselizan aurten zenbait lan eginen dira

Guaixe 2008ko apirilaren 10a

Konzezio baselizaren lagunak jakinarazi dutenez "zaharberritze lanak egiteko proiektua oraindik bukatu gabe dago". Hura behar bezala aurrera eraman ahal izateko, ordea, ermitaren inguruan ikerketa geoteknikoa egin dela azaldu duten elkarteko kideek. Ikerketa horren bidez ermitaren azpiko lurraren ezaugarriak ezagutu dituzte: absidearen aldean zimenduak metro eta erdikoak dira, beste muturrean, berriz, 1,9 metrokoak dira. Ermitaren azpian dagoen lurrari dagokionez, 11 metroko sakonera arte buztina eta kaskailua dago. Maila horretan tufa biguna hasten da eta 12 metrotatik aurrera tufa gogorra. ZergatiaJakina denez, Konzezio ermitako paretak zabaltzen ari dira. Horrek bobedak zabaltzea ekarri du eta arkuak erortzeko arriskua ere badago. Taldeko kideek esan digutenez, ermitaren "goia eta behea sendotu beharra dago. Horregatik egin da azterketa geoteknikoa, behean zer zegoen jakin eta nola lan egin jakiteko". Paretak ez mugitzeko neurriren bat hartzea aztertzen ari dira teknikariak. Baina nondik hasi eta nola egitasmoak esanen du. Diru kontuakKonzezio baselizaren lagunak elkartetik adierazitakoaren arabera, 3 bide erabili dituzte dirua biltzeko. Batetik Nafarroako Kutxako zuk aukeratu, zuk erabaki egitasmoaren barruan kokatutako proiektua. Haren bidez 26.059,64 euro jaso dituzte. Aurten, atzera ere, egitasmoa kutxari aurkezteko asmoa dute. Hala balitz, zenbaki ezberdinarekin bada ere, diru iturri hori zabalik egonen litzateke. Taldearendako beste diru sarbide bat Banco de Vasconian, Euskadiko Kutxan eta Nafarroako Kutxan zabaldutako kontu korronteak izan dira. Herritarrek haietan egindako ekarpenekin 13.257,33 euro jaso dira. Azkenik, eguberriko loteria salduz taldeak 1.925 euro eskuratu zituen. Guztira, esan bezala,, 41.241,97 euro. Konzezio baselizaren lagunak elkartea "aurrera egiteko animatuta sentitzen da, egintza honek sortu dituen interesa eta laguntzak ikusita".