Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Gobernuko Liburutegi Sarean dago sartua, eta neguan arratsaldez egoten da zabalik (16:30etik 20:30era), eta udan goizez (10:00etatik 14:00etara). Virginia de Antonio da bertako liburuzaina, eta liburutegiaren martxa egokia dela dio.Etxarri Aranazko liburutegiaren fondoan liburuak dira nagusi. 2007ko abenduaren 31n, 12.561 liburu zeuzkan liburutegiak, horietatik 339 liburu berri. Fondoan dauden beste produktuak ondokoak dira: DVDak (452, horietatik 103 berri); bideoak (189); CDak (100); aldizkariak (49); ikus-entzunezkoak (27), kaseteak (25) eta CD-ROMak (20). Datu horiek arakatuz gero, argi dago irakurketak garrantzi handia duela liburutegian, baina teknologia berrien eragina ere nabaria dela, hortik DVD delakoen igoera. Erabiltzaileei dagokienez, 2007ko bukaeran 1.276 bazkide zituen Etxarriko liburutegiak, 2006an baino 53 erabiltzaile gehiago (22 heldu eta 31 gazte). Etxarriko liburutegiaren mailegu datuei dagokionez, 2007an guztira 4.097 dokumentu eraman zituzten erabiltzaileek euren etxeetara, gehienbat liburuak (2.033, 521 helduek eta 312 haurrek); ikus-entzunezkoak eta dokumentu elektronikoak (1.880, 287 helduek eta 627 haurrek); eta aldizkako publikazioak (184, 80 helduek eta 18 haurrek). 2006an liburutegia itxita egon zen abuztutik azarora bitartean, Nafarroako Gobernuak liburuzainaren amatasun baja ez zuelako bete. Hortaz, ezin da 2006 eta 2007 urteen arteko konparazio egokirik egin. Interneten erabilera, goraHelduek gehienbat liburutegiko mailegu zerbitzua erabiltzera doaz liburutegira, eta normalean haurrak izaten dira bertara etxeko lanak egitera edo irakurtzera joaten direnak. Gainera, gelatxo bat dago gurasoek eta seme-alabek elkarrekin irakurri edo bertan eroso egoteko prestatua, eta oso erabilia da. "Baina internet erabiltzeko aukera dagoenetik liburutegiko erabilera zabaldu da, lehen ez zetorren jendea animatu baita" dio Virginiak. Izan ere, Etxarriko liburutegian internetera sarbidea duten bi ordenagailu daude, scannerra eta inpresorekin, duela hiruzpalau urtetik. Internet erabiltzeaz gain, testuak idatzi eta egindakoa inprimatzeko aukera eskaintzen du zerbitzuak. "Adin guztietako jendea dator internet erabiltzera, helduak bereziki. Eta aipatzekoa da zerbitzu hau erabiltzen dutenetatik asko etorkinak direla, izan ere interneten erabilera dohainik da liburutegian, lokutorioetan edo beste tokietan ordaindu behar baita. Hemen, egiten diren inpresioak ordaintzen dira soilik" gaineratzen du liburuzainak. Hortaz, argi dago teknologia berriek liburutegiaren ohiko martxan eragin nabarmena izan dutela. Liburutegiko ohiko martxaz gain, urtean haurrendako ipuin kontalarien bi emanaldi antolatzen ditu Etxarri Aranazko liburutegiak. Emanaldi bat kurtsoaren hasieran izan ohi da, eta bestea udaberrian. 50 haur hurbildu ohi dira saioetara. Bestalde, aipatzekoa da egun hauetan liburutegiko dokumentuen garbiketa egiten ari dela liburuzaina. "Noizean behin, desfasatuak geratu diren dokumentuak, oso zaharkituak daudenak eta jada erabiltzen ez direnak erretiratu egiten ditugu, eta Irurtzungo Itxipuru elkarteari ematen dizkiogu, euren bigarren eskuko azoketan salgai jarri ditzaten eta birziklatu ditzaten" azaldu du Virginiak. Hori dela eta, egun hauetan liburutegia zer edo zer desordenatuta dagoela gaineratu du liburuzainak.