Nazabal finalerdietara

Guaixe 2008ko maiatzaren 13a

Elite mailako Urrezko Aizkolarien Txapelketako final laurdenak daude jokoan, ligaxka sisteman eta bi multzotan banatuta. A multzoan dugu ordezkari sakandar bakarra, Floren Nazabal etxarriarra, eta multzo berean zeuden Arrospide eta Lopez Azpilikueta. Guztiak guztien kontra aritu eta bi onenak final erdietara pasako zirela zioen erregelamenduak. Zeuden eta zioen erabili ditugu Arrospidek parte hartzeari uko egin diolako. Leaburukoa gerriko minak jota dabil eta ez dago aizkoran aritzeko moduan, eta zentzuzkoena erabaki du: txapelketa uztea. Horregatik biek, Nazabalek eta Lopez Azpilikuetak, eginen dute aurrera txapelketan, Urrezko Aizkolarien finalerdietarako sailkatuz.Garaipen estua Nolanahi ere Floren Nazabalek mendean hartu zuen Lopez Azpilikueta igandean Urduñan. Asko kostatako garaipena izan zen, bi aizkolariak sasoi betean baitaude. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan mozteko lehian Lopez nagusitu zen, 34 kolpetan erdibitu baitzuen enborra, Etxarriko txapeldunak kolpe bat gehiago behar izan zuen. Bigarrenean 45 ontzakoa erlojuz kontra moztu behar zuten eta Florenek egoerari buelta eman zion, lana 51 segundotan eginez. Zortzi segundo gehiago behar izan zituen Lezaungoak.Hirugarrenean kana-erdikoa zutik erdibitu behar zuten. Lopez izan zen azkarrena (2:16), Nazabali 10 segundo aterata. Laugarren proban 60 ontzakoa moztu zuten. Lopezek aurrea hartu eta 2:16eko denboran egin zuen lana, Nazabali 10 segundo atereaz.Lopez Azpilikuetak tarte dexentea ateratzen zionez Nazabalek bikain erreakzionatu zuen, eta bosgarren lanean -45 ontzako bat zutik moztu eta 45 ontzakoa etzanda erdibitu- neurketa ia erabakita utzi zuen. Etxarriarrak 2:23ko denboran amaitu zuen lana, Lopezi 19 segundo kenduz. Azken lanean, iraupenekoan - bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako- ez zen apenas alderik izan bi aizkolarien artean. Nazabal izan zen azkarrena (8:36), eta Juanjo Lopezek bi segundo gehiago behar izan zituen. Lan guztiak kontuan hartuz, Etxarrikoari 16 minutu eta 27 segundo kosta zitzaion guztia egitea eta Lopezi 16 minutu eta 57 segundo. Oso alde laburra izan zen, eta Nazabalek uste baino lan gehiago egin behar izan zuen garaipena lortzeko.Asteburu honetan jakinen da B multzoko zein aizkolari - Larretxea, Arria edo Olasagasti- pasatzen diren finalerdietara.