Erandion (Bizkaia) jaioa 1932. urtean, Iruñean hil zen aurtengo apirilaren 10ean, 75 urte zituela. Altsasura 11-12 urterekin iritsi eta 1944 edo 1945 inguruan Iruñeko seminariora abiatu zen. Han bospasei urte izan zen apaizetarako ikasketak egiten. 1959. urtean Berroeta baserriko María Esther Arbizurekin ezkondu ondoren Etxarri Aranaz izan da bere bizileku. Altsasun bere txistu irakaslea nor izan ote zen inork ez daki baina, ziurrenik, Ramon Delfrade izanen zen. Bera eta bere senitarteko hiru generazio izan ziren Altsasun txistuari bizirik eutsi ziotenak. Sánchezek makina bat jaitan (Ageda Deuna, San Pedroak..) jo zuen txistua eta bertako txistulari taldeko kide izan zen Etxarrira etorri arte. Musika ikasketak Iruñeko seminarioan hasi zituen apaiz ikasketak egiten zebilela. Han pianoa jotzen hasi zen, baina gerora, Altsasuko zurgintza enpresa batean (Serrería Del Irati) hatz pare bat moztu ondoren pianoa jotzeari utzi egin beharra izan zion. Altsasuko bandan saxo tenorra ere jo zuen baina gerora, Etxarrin bizi zelarik, bertako bandan, hatzen arrazoi berarengatik bonbardinoak ordezkatu zuen saxoa.
Etxarri Aranatzen
Etxarrira etorri eta bere etxean entseguak egiten zituztelarik, jaietan eta ospakizunetan txistua jotzen hasi zen bertako txistulariekin (Juanito Garciandia, Venancio Garciandia, Manuel Ijurra...). Etxarri Aranazko txistu tradizioa ez zen luzea, baina Patxiko Urrestarazu irakasle zela hainbat haur ibili ziren txistua ikasten 1934 eta 1936 tartean: Martín Markotegi, Juanito Garziandia "Txistu", Benedicto eta Darío Barandiaran, Saturnino eta Tomás Larraza eta José, Ramón, eta Luis Bakaikoaren berri badut.
Gaitaren tradizioa, ordea, handiagoa omen zen. Gerra aurretik fama handikoak izan ziren Karasatorretarrak. Gerra ondoren jotzez utzi zuten eta haur talde batek, 50. hamarkadan, ekin zion txistua ikasteari Etxarriko bandako zuzendari zen Alfredo Martinezekin. Talde horretan Pedro Mari Artieda, Vicente Garciandia, Rafa Goñi, Manolo Ijurra eta Luis Mariñelarena zeuden.
60. hamarkadan, aurretik aipatutakoaz gain txistulari gehiago izan zen talde hartan: Daniel Karasatorre gaita jole ohia, Pedro Mari Artieda eta Pedro Manuel Guruziaga besteak beste. Hamarkada horretan, gutxika-gutxika txistulari gehienek - lan arazoak zirela eta- taldea utzi zuten.
Klaseak
Ez dakigu José Andrés Sánchezek bere kabuz, txistulari berrien beharra ikusirik, edo norbaitek esanda, baina 1970. urtean hasi zuen bere txistu irakaskuntza lana. Bada 1973. urteko argazki bat zeinetan, jada, José Andrés txistulari talde gazte baten buru agertzen den. Askotxo dira eta haien izenak aipatzea luze litzateke.1990. urtera arte 20 urteko lan nekaezina osatu zuen txistua eta solfeoa irakasten. 100 haur eta gaztetik gora ikasi genuen bai solfeoa bai txistua. Bere ikasleekin txistu talde handi bat sortu zuen. Askotan berrogeitik gora izaten ginen festa bezpera eta jaietako kalejiretan aritzen ginenak. Txistu taldea Nafarroan zehar hainbat alarde eskaini zituen, ez dakit kalitate handi edo txikiarekin baina ziur nago jotzen ibiltzen ginenon ilusioa txikia ez zela.
Konpositore bezala, nik dakidanez, bere ekarpena ez da oparoa baina bai oso adierazgarria: San Adrian egunerako Biribilketa a San Adrian kantua sortu zuen eta urtero jotzen dute txistulariek jai egun horretan. Bazekien, batez ere, txistua gure folklorearen ikur zela eta bere funtzio nagusia ospakizunak alaitzea zela, bai txistua bakarka edo dantzariak laguntzen. Esan behar ere Etxarri Aranazko Abesbatzarekin ere hainbat saiotan izan zela Sorozabalen Gabiltzan kalez kale, Bigarren kalez kale eta halako euskal kanta alaiak jotzen.
Aitorpena
Etxarriko Udalak, omenaldi gisa, Etxarriko armarria zeraman koadro bat oparitu zion duela urte asko. Jakin izan dudanez, 2007ko festetan udalak omenaldia eskaini nahi zion: festari hasiera ematen dion etxafigua botatzeko gonbidapena luzatu zion, baina bere gaixotasuna zela eta ez zen posible izan bera han egotea. Aipamen publiko bat egin zitzaion une hartan baina jai giroaren zaratarekin ez zen entzun eta, tamalez, herriak ez zuen horren berririk jaso. Askotan gizon-emakumeok ez gara besteek egindako lanaz ohartzen, lekuko zuzenak izan bagara ere. Berriro diot: Sánchezen ekarpena oso garrantzitsua izan da Etxarri Aranaz bezalako herri batendako. 70. hamarkadako ika-mika politikoak eragindako giroak, kultura eta ohiturak mantentzeari oztopo asko jarri zizkion gure herrian eta José Andrés Sánchezek bere txistu taldearekin batera, Etxarri Aranazko Abesbatzak, Herriko Bandak, eta etxarriar anonimo askok eutsi zioten lan horri garai zail haietan. Norbait ahaztu badut, barka nazala.
Bere lana beraz, oparoa izan da txistuaren tradizioa hartu eta hurrengo belaunaldiei testigua pasa zielako. Gaur egun, herrian txistulari gutxi aritzen dira, baina dauden gutxiak Sánchezen ikasleak dira: Alberto Sánchez, Joxean Begiristain, Joxean Jaka eta Sabino Garmendia. Zorionez, Etxarrin ez da jaietan txisturik falta 50. hamarkadaz geroztik. Meritua, urte guzti hauetan txistua jotzen izan diren guztiena da, baina batez ere, berea.Musika eskolan gero eta txistu ikasle gehiago dabil, baina etorkizuna ez da ziurra. Kalera instrumentua jotzeko pausu hori ematea zaila da nonbait. Beharbada txistulari izan garenok - niregandik hasita- eskutxo bat bota behar genieke herriko txistu taldeari zein musika eskolako irakasle eta ikasleei. Txistua gure herriaren kultura da, gure ondarea. José Andrés Sanchezen nahia - ziur nago - Etxarriko kaleetan txistuaren soinua eten-gabe entzutea izanen zela. Gure eskutan dago.Eskerrik asko Sánchez. Goian bego.