Gaixo dauden presoen kaleratzea aldarrikatuko da igandean

Guaixe 2008ko maiatzaren 16a

Etxarri Aranazko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) deituta espetxe politikak hil egiten du, gaixo dauden presoak etxera! leloa duen manifestazioa eginen da igandean. 19:00etan abiatuko da plazatik eta kanposanturaino joanen da. Han duela 15 urte hil zen Pello Mariñelarena gogoan izanen dute eta lore eskaintza eginen zaio. Hura despeditu ondoren eskoletako frontoian, 20:00etan, ekitaldia izanen da. Etxarri Aranazko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu duenez Pello "espetxe politika hiltzaileak eraildako beltzean beste bat gehiago da". Politika horrek "presoen suntsipen indibiduala eta kolektiboa bilatzen" duela eta "presoen ingurua ere kolpatzen" duela salatu zuen AAMk. PSOEri gaixo dauden presoak etxera "exijitu" zion.EgunMobilizazioaren aurkezpenean azaldu zenez, gaur egun dozena bat preso politiko dute gaixotasun larriren bat eta haiek espetxean mantentzea "heriotza zigorra aplikatzea" dela ziurtatu zuten. Bautista Barandallaren kasua aipatu zuten, "kalean beharko lukeena" 92. artikulua aplikatuta edo zigorraren hiru laurdenak beteak dituelako. Jakinarazi zutenez heldu den urteko irailean beteko du Bautistak zigor osoa (18 urte), baina "Parot Doktrina delakoaren mamu beltza gainean du". AAMk nabarmendu zuenez "ez dute onartuko egoera larri hau mantentzea eta espetxean hiltzea". KritikakDispertsioak "presoen aurkako eskubide urraketa amaigabea" dakarrela nabarmendu ondoren, kritikak izan zituen AAMk hainbat alderdirendako, "PNVk, EAk, Aralarrek, NaBaik beren oinarrietan dagoen presoen eskubideenganako atxikimenduari begira diskurtsoan zerbait sartzearekin konformatu dira orain arte". PSOEri presoekin bukatzeko asmoa egotzi zion AAMk. Horrekin batera, "espetxeetako egoera inoiz baino larriagoa" dela azpimarratu zuten. Aldi berean, gehitu zuten "errepresioaren kontra eta errepresailatuen aldeko borrokan herri honek ez du atzera pausorik emango".