Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gutako bakoitzaren baitan hamaika gutar bizi dela sinetsita sortu zen Gu ta Gutarrak taldea, 2006an, negu bukaeran. 7 eskale taldean ibilitako Igor Elorza, Unai Iturriaga, Josu Zabala, Aitor Rubio, Xanpe eta beste bildu ziren. Musika eta bertsoa batzean aurretik sortutako esperientziaren kopia baino, zerbait ezberdina sortzea zuten buruan, irekia, tokian tokiko eta egunean eguneko izanen zen ikuskizuna prestatu nahi zuten. Eta buruan zituzten eduki, itxura, eduki, musika eta bertsoei buruzko kezka guztiek kontzeptu batean sintetizatu zituzten: gu eta gure guak.Gure baitan bizi diren gutarrei buruzko bertso kantakHortik aurrera taldeak bere bidea egin zuen. Hainbat herritan haien bertso kantak eman eta gero Gu ta Gutarrak taldearen diskoa etorri zen. 7 eskale taldearekin musikara gerturatu ziren Iturriaga, Zabala eta Elorza, baina Gu ta Gutarrak taldearekin musika etorri da bertsolariengana. Bertso kantu deitzen diete emanaldiei, oinarrian bertsoa dagoelako. Igor Elortzak eta Unai Iturriagak adierazi zutenez, "amorruari zein bizipozari jarritako bertsoak dira lan horren oinarri, Josu Zabalak herri-musikatik abiatuz rockaren eragin nabariekin sorturiko doinuz jantzirik. Gutako bakoitzaren baitan bizi diren hamaika gutarrei buruzko bertso-kantak". Taldeak "Lagun zaharrak eta bertso berriak" izena jarri zion euren lehen lanari. "Zergatik? Gure barruan hainbat eta hainbat "gutar" daude, eta gure baitan denok dauzkagun gu ezberdin horiei erreferentzia egiten dio gutartasunak. Gutartasun guzti horiek dira bertso sortetan agertzen direnak, eta lagun zaharrak ekarri ditugunez gure lanera - Xabier Amuriza, Mikel Laboa, Marijaia... - izenburu hori jarri diogu lanari" azaldu dute. Nor izango da gonbidatutako gutarra?Gu ta gutarrak taldearen ikuskizuna 11 bertso kantaz osatutako emanaldia da. Ekitaldi guztietan gutar bat gonbidatzen dute, eta azken momenturaino ez dute esaten nor izango den. Gonbidatu horrek eurekin kantatu, edo musika jo, edo bertsotan ari... norberaren ofizioaren arabera parte hartzen du emanaldian. Oraindik ez dakigu Etxarriko emanaldiko gutar gonbidatua nor izango den, baina sorpresa galanta izango dela ezin da ukatu. Despedida baino lehen taldea lanean ikusteko aukeraGu ta Gutarrak taldearen emanaldiak 2007aren otsailaren hasi ziren, Korrika Kulturalaren barruan. Iaz Altsasuko Iortia Kultur Etxean izan ziren bisitan, eta emanaldi oso arrakastatsua izan zen, jendea oso gustura atera zen. Nolanahi ere, taldeak hasieratik argi zeukan epe zehatz bateko proiektua zela eurena, eta inertziak harrapatu baino lehen Bertso berriak eta lagun zaharrak ikuskizuna despedituko zutela. Hain zuzen ere, ekainaren 13an, Durangoko Plateruenan eginen dute despedida, 64 emanaldi eta 100dik gora gutar gonbidatu izan eta gero. Hortaz, gaurko Etxarriko emanaldia Sakanan eginen duten azkena izanen da eta primerako aukera dugu emanaldi berezi eta bizi honetaz gozatzeko.