Askatasunak salatu du Hodei Ijurko Soto del Realen jipoitu dutela

Guaixe 2008ko maiatzaren 16a

GertatutakoaBada, Askatasunak aditzera eman duenez Hodei maiatzaren 3an heldu zen Soto del Realera Iruñean epaiketa batean egon eta gero, eta sarrera edo "ingreso" delako moduluan sartu zuten. Hodeik eta beste preso arrunt batek ingresoa egiterakoan zegokien dei telefonikoa egitea eskatu zutela gaineratzen du Askatasunaren prentsa oharrak, eta dirudienez funtzionarioetako batek gaizki hartu zuen euren eskaera, bi presoen gauzak miatzen hasiz. Nonbait preso arruntaren gauzak arazorik gabe miatu zituzten, baina Hodeik zituen paper guztiak erretenitu behar zizkiola adierazi zion funtzionarioak, besteak beste segurtasunetik pasatutako gutunak, gurasoen lan agiriak, telefonoz deitzeko behar diren agiriak eta abar. Etxarriko gazteak gauza horiek ezin zizkiola erretenitu adierazi zion funtzionarioari eta hark berak nahi zuena erretenituko ziola adierazi omen zion, eztabaidan hasiz. Askatasunak dioenez orduan funtzionarioak zaplastekoa eman zion Hodeiri, eta bertan zegoen beste funtzionario batekin batera gazte etxarriarra lurrera bota eta ostikoak eman zizkioten. Are gehiago, funtzionario batek bere hanka gaztearen buruan jarri eta besteak porrarekin Hodei gorputz guztian jipoitu zuela dio oharrak. Ondoren 8 funtzionarioko talde bat iritsi zen, zerbitzuburuarekin eta Hodei isolamendura eraman zuten. Baina nonbait hor ez ziren bukatu gazteak pairatutako kolpeak, ziega horretan berarekin 5 funtzionario sartu eta berriz jipoitu zutela aditzera eman baitu Askatasunak. "Ondorengo 3 egunak isolaturik eduki zuten, soilik lehen egunean mediku baten bi minutuko bisita salbu. Medikuak Ijurkoren egoeran oso interes gutxi azaldu zuen. Ondoren Valdemorora lekualdatu zuten eta egun Curtiseko espetxean dago, isolamendu egoeran" dio oharrak. Valdemoron abokatuarekin egoteko aukera izan zuen Ijurkok eta gertatutakoaren berri eman eta ubeldutako begia eta gorputzean zituen beste seinale batzuk erakutsi zizkion. Askatasunatik adierazi dute Etxarriko gazteak Guardiako Epaitegian salaketa aurkezteko asmoa duela.