Nazabal Arriaren kontra, finalerdietan

Guaixe 2008ko maiatzaren 23a

Dagoeneko badakigu elite mailako Urrezko Aizkolarien Txapelketako finalerdietan zein aizkolari ariko diren: Floren Nazabal, Lopez Azpilikueta, Arria V. eta Larretxea. Igandean bertan abiatuko dira finalerdiak, maiatzaren 25ean Arabako Duranan antolatutako jaialdian. 12:30etik aurrera Nazabal eta Arria V.a lehiatuko dira.Zaletuek etxarriarra jotzen dute faborito baina Nazabalek lan handia egin beharko du Xabier Orbegozo Arria V.a menpean hartzeko. Errezilgo aizkolariak bi saio jokatu zituen aurreko asteburuan: larunbatean 14 segundoko aldearekin Olasagasti txapelketatik kanpo utzi zuen, eta igandean, aldiz, jokoan ezer ez zegoela Larretxeak Arria V.ari irabazi zion alde handiarekin. Nolanahi ere Arria V.a sasoian dago eta egungo Urrezko Aizkolari txapelduna izanen du aurrez aurre. Nazabalek Lopez Azpilikuetari irabazi zion duela bi aste baina uste baino lan gehiago egin behar izan zuen. Hortaz, norgehiagoka gogorra espero da igandean Duranan.Aizkolariek egin beharreko lana ez da txantxetakoa, 10 enbor moztu beharko baitituzte, 6 probatan: 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu; erlojupean 45 ontzakoa zeinek lehenago erdibitu; kana erdikoa zutik moztu; 60 ontzakoa etzanda moztu; eta bi kanaerdiko erdibitu eta bi 60 ontzako moztu.Jauregi, 23 urtez azpikoan Sakanako Aizkora Eskolan formatzen ari den eta Arabako Lezen bizi den Arkaitz Jauregi beasaindarra 23 urtez azpiko Urrezko Aizkolarien Txapelketako finalerdietan ariko da larunbatean. Lan bikaina egiten ari da aurten estreinatu den gaztea, eta larunbatean, maiatzaren 24an, Jon Rekondoren kontra ariko da Urrotzen, 20:00etan. Arerio gogorra dauka Sakanako aizkolariekin entrenatzen aritzen den gazteak, baina orain arte sorpresa eman badu ildo beretik jarrai dezake.