Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Espero bezala, Floren Nazabalek ez zuen hutsik egin Urrezko Aizkolarien txapelketako finalerditan. Arria V.a mendean hartuta, finalerako txartela lortu du etxarriarrak.Aizkolariek egin beharreko lana ez da txantxetakoa, 10 enbor moztu behar zituzten, 6 probatan: 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu; erlojupean 45 ontzakoa zeinek lehenago erdibitu; zutikako kana erdikoa moztu; 60 ontzakoa etzanda moztu; eta bi kana-erdiko erdibitu eta bi 60 ontzako moztu.Etxarriarra faborito izanagatik ere, ez zen kikildu Arria V.a, eta aurre hartu zuen lehen lanetan: kolpekakoan 27 kolpera berdindu ondoren, bigarrenean, Errezilgoa izan zen azkarrena, 45 ontzakoa 40 segundotan erdibituta. 3 segundo atera zizkion sakandarrari. Hirugarrenean ere, hobe ibili zen errezildarra: minutu eta 43 segundotan moztu zuen zutikako enborra, lau segundoko aldea atereaz Nazabali.Proba erdiak eginda, Arria V.ak zazpi segundoko aldea ateratzen zion Nazabali. Baina Etxarrikoak proba bakarra nahiko izan zuen aldea iraultzeko: Laugarren proban, 60 ontzakoa minutu eta 37 segundotan ebakita, 13 segundo atera zizkion arerioari. Bide horri eutsita, azken bi probetan ere jaun eta jabe izan zen Nazabal: Zutik eta etzandako lana 2 minutu eta 8 segundotan amaitu zuen, aurkariak baino 18 segundo gutxiagotan. Amaitzeko, 13 minutu eta 47 segundotan egin zuen lan luzea, errezildarrari 54 segundoko aldea aterata.Sei lanak batuz, 20 minutu eta 34 segundo behar izan zituen Nazabalek, eta Arria V.ak 21 minutu eta 51 segundo. Beraz, Nazabalek gainditu du bere lehen erronka: txapela defendatzeko finalera pasatzea. Datorren igandean erabakiko da Etxarrikoaren aurkaria, Lopez eta Larretxearen artean.Jauregi kanpoan Sakanako Aizkora Eskolako ikasle Arkaitz Jauregik ez zuen zorte bera eduki. Finaletik kanpo geratu zen Rekondoren aurka galdu eta gero. Beraz, aurtengoz, amaitu da 23 urtez azpiko Urrezko Aizkolarien txapelketa beasaindarrarendako.