Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hiru milioi euro inguru kudeatuko ditu aurten Etxarri Aranazko Udalak. Zatirik handiena kanpinean eginen diren inbertsioetara bideratuko da, 400.000 euro pasa. Bestalde, Etxarriko udalak 61.500 euro bideratuko ditu industrialdeko egitasmoa egiteko. Ikastolaren eraikin berria hartuko duen unitatearen birzatitze egitasmoak 70.000 euroko diru saila du. Horretaz gain, ur biltegiko kloro banatzailea berritzeko 45.000 euro aurreikusi dira. Kultur arlokoakVictoriano Huizi Liburutegia Nafarroako Liburutegien Sarean sartzeko asmoa azaldu du udalak. Horrek liburutegiaren katalogoa informatizatzea eskatzen du, gero sarean jarri eta horrela kontsultatu edo eskaerak egin ahal izateko. 20.000 euro bideratuko dira horretara eta gastua murrizteko diru laguntza eskatu du udalak. 10.000 euroko diru saila jasoa dago Etxarriko aurrekontuetan San Donato Eskola Publikoko leihoak eta komunak berritzeko. Nafarroako Gobernuak ematen duen diru laguntzaren arabera konponketa gehiago edo gutxiago eginen dira. Kopuru bera, 10.000 euro, bideratuko ditu udalak jubilatuen udal egoitza handitzeko. Bestalde, kultur etxean hainbat gauza berritu beharra dago. Eskenatokiko oihal beltz guztiak, areto nagusiko eta txikiko proiekzio pantailak eta baita zinema-proiektorea ere. Horren guztiaren aurrekontua 22.000 eurokoa da eta erdibana ordainduko dute Etxarriko Udalak eta Nafarroako Gobernuak. SeinaleztapenaEtxarri Aranazko Udalak berriki hainbat seinale jarri ditu herrian barna, azpiegitura nabarmenen berri ematen duena. Horretaz gain, autobiatik Etxarrira sartzen direnendako herriko jatetxeen berri ematen duten bi panel ere jarri ditu udalak errepide bazterrean. Aurki, Turismo Bulegoaren ondoan, herriko kaleen izendegia jarriko du, baita iragarki oholak ere herrian barna, Etxarri Aranatz UEMAko kide adierazten duten seinaleak batera.