Gaztetxeak lehenengo urteurrena ospatuko du

Guaixe 2008ko ekainaren 6a

Ibilbide luzea du aipatu Gazte Asanbladak eta aurreko Gaztetxea bota zutenetik luze eman zuten Gaztetxe berri baten alde borrokatzen. Honela, iaz Elizkorta kaleko Gaztetxe berria konpondu eta lokala irudi eta ideiez koloreztatzen hasi ziren. Urte honetako balorazioarekin hasiko dute gazteek biharko eguna eta asanbladako kideen hitzetan "urte oso emankorra izan dela" nabarmendu dute.Herrian gune erreferente bat izatea du helburu Gaztetxeak eta bide horretan urtean zehar hamaika ekintza, kontzertu, bazkari, erakusketa, hitzaldi eta beste antolatu dituzte. "Gazteon ametsak egi bihurtzeko gune aske bat da Gaztetxea eta ildo beretik jarraitu nahi dugu urteetan." Ilusioa eta lanerako grina da gazte etxarriarren artean nagusi eta aurrera begira urte emankorrak izanen direla baieztatu dute. "Herrian erreferente bat izan nahi dugu eta belaunaldi berriak sartzen ari diren heinean lortzen ari garela uste dugu".Egun seinalatu honetan, Gaztetxeko lau paretetatik atera eta herria hartu nahi dute gazteek, horregatik 12:00etan triki-poteoa antolatu dute Etxarriko karrikak alaitzeko asmoz. 14:30ean mahaiaren inguruan bilduko dira gazteak eta tripa ondo bete ondoren lehiaketa berezi bat prestatu dute. "Etxarriko humore horiye" bezala bataiatu dute telebistan hain arrakastatsua izan zen lehiaketa hura. Taldeka proba nahiko bereziak egin behar izango dituzte gazteek, beti ere, ongi pasatzeko helburuarekin."Gazteok badugu zer salatu eta aldarrikatu" eta horregatik festa eta aldarrikapena uztartu nahi izan dute urtemuga egunean. 19:30ean Mani Festa burutuko da batukadaren doinuen laguntzarekin herriko kaleetan barna eta 21:30etarako kostillada erraldoia prestatu dute.Eguna ongi despeditzeko kontzertuen txanda izango da, hori bai, Gaztetxean. Gaueko 23:00etatik aurrera Betagarri taldea eta egun honetako talde Sorpresa izanen dira gazteak dantzan jartzearen arduradunak. Biei "Zorionak zuri" abestia kantatzeko ez zaie aitzakiarik faltako. Zorionak eta urte askotarako!