2008ko Urrezko Aizkolarien Txapelketa larunbat gauean erabakiko da. Azpeitiko Izarraitz pilotalekuak hartuko ditu elite mailako, 23 urtez azpiko eta 18 urtez azpiko txapelketako finalak, gauean, 22:30etik aurrera abiatuko den primerako jaialdian. Elite mailan iazko txapeldun Floren Nazabalek berriro ere txapela jantzi nahiko du, baina arerio gogorra du: Donato Larretxea. Nazabalek Arria menpean hartu zuen final erdietan, eta Larretxeak Lopez Azpilikueta. Bi finalistek sasoi betean daudela erakutsi zuten final erdietan, eta hortaz, lehia paretsua espero dute adituek, nahiz eta akaso faboritoa Etxarrikoa izan.Lan gogorra izanen dute: 10 enbor moztu beharko dituzte, 6 probatan: 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu; erlojupean 45 ontzakoa zeinek lehenago erdibitu; zutikako kana erdikoa moztu; 60 ontzakoa etzanda moztu; eta bi kana-erdiko erdibitu eta bi 60 ontzako moztu. "Hasieratik abantaila hartzen saiatuko naiz eta, hori ezin bada, zutikako bi enborretan zutikakoan eusten" adierazi du Nazabalek.Bestalde, 18 urtez azpiko finalean Oihan Larretxea eta Ander Erasun lehiatuko dira eta 23 urtez azpikoan Jon Rekondo eta Ugaitz Mugerza.