Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ez zuen huts egin Etxarri Aranazko aizkolariak joan zen larunbatean, Azpeitian. Aurreikuspenak betez, mendean hartu zuen Larretxea, Urrezko Aizkoraren finalean. Laugarren aldiz podiumaren gorenera igo zen Nazabal. Honezkero uxatu ditu Nazabalek binakako txapelketako mamuak eta agerian utzi du, iaz bezala, bere mailarik onenean dagoela.Parez pare ibili ziren lehen probetan Finalak leporaino bete zuen Azpeitiko Izarraitz pilotalekua. 600 ikusle ingururekin, animu oihuak ez zituzten faltan izan aizkolariek. Denaren beharra izan zuten, bi finalistek zuten guztia eman baitzuten.45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu hasi ziren eta Larretxeak lortu zuen garaipena, kolpe bateko aldearekin. Bigarrenean, tamaina bereko enborrarekin erloju kontra neurtu zituzten indarrak eta aurretik jarri zen Etxarrikoa, 42 segundoko denborarekin, arerioak baino 3 gutxiagorekin. 3. probak, zutikako kana-erdikoak, berriz ere irauli egin zuen finala. Larretxea izan zen garaile, minutu eta 38 segundoko denborarekin, etxarriarrak baino 12 segundo gutxiagorekin.Lan erdiak eginda eta ez zegoen ezer erabakita. 4. probaren txanda etorri zen, 60 ontzakoarena. Ez zuen horrekin asmatu Donatok eta horretaz baliatuta, aldea kendu zion Nazabalek. Minutu eta 48 segundo behar izan zituen Etxarrikoak, eta aurkariak bi minutu eta 9 segundo. 5. probak, 45 ontzako bat zutik eta bestea etzanda moztu beharrak, Arantzakoarendako egokiagoa zirudien, baina segundo bakarragatik izan arren, aurretik amaitu zuen Florenek, 2 minutu eta 22 segundoko denborarekin.Azken probara, iraupenekora iritsita, Nazabalek dena zuen alde. Lau kana erdiko eta bi 60 ontzako zituzten mozteko. Arriskatu beharra zuen Larretxeak eta zuen guztia eman zuen lehen enborretan. Lan erdiak eginda hustu egin zen, ordea, eta Etxarrikoak ez zion barkatu. 13:38 minutan amaitu zituen lanak eta Larretxeak, berriz, 14:43ean.Lan guztiak batuta, 20 minutu eta 53 segundo behar izan zituen Nazabalek eta 22 minutu eta 10 segundo Larretxeak. Beraz, etxarriarrak jantzi zuen txapela.Historia egin du Nazabalek Egindako lanak oso pozik utzi zuen Etxarrikoa. "Banekien berak oso gogor ekingo ziola hasieran, eta hor eutsi behar niola. Oso gorputzaldi onarekin nengoen, eta oso gustura noa egindako lanarekin" adierazi zuen Nazabalek.Ez da gutxiagorako. Izan ere, atzoko txapelarekin historia egin du Etxarriko aizkolariak. 2004, 2006 eta 2007ko txapelei laugarren hau gehitu zien joan zen asteburuan Etxarri Aranazko aizkolariak. Horrela, aurre hartu die Larretxea eta Olasagastiri, hiruna txapel baitituzte biek.