Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranazko NaBaik bere oharrean dioenez, berak "ez du alderdien legea sortu, ez onartu, ez inori aplikatu. NaBai ere, lege hori betetzera derrigortuta dago". Gertatutakoaren ardura haiei ezin zaiela leporatu ere gehitu du NaBaik. Koalizioak dionez, "bere garaian aukera guztiak aztertu genituen egoera horri aurre egiteko, baina jakin badakigu salbuespen lege hori aplikatuz gero, ondorioak ez direla hobeak izango inorentzat". Aipatu artikulua aplikatuz gero zerrenda ekintzaileko zinegotziak "ziurrenik, berriz ere, legez kanpo utziko lituzke espainiar legediak" dio oharrak. UdalaEtxarriko NaBaik dio aukera hori alde batera utzi ondoren, "ezarritako legeak ahalbidetzen dituen zirrikitu guztiak erabiliz zinegotzi batek izango lituzkeen ahalik eta eskubide gehienak bermatzen ahalegina" egiteko prest azaldu zela, baina "EAE-ANV ez zen bere hasierako posiziotatik mugitu; horrela geratu zen gauza eta horrelaxe dago egun ere". Koalizioak gogora ekarri du bozek emandako 6 eserlekuak "bere gain" dituela eta "bat bera ere ez da inori lapurtua". Etxarriko NaBaik jakitera eman duenez, "EAE-ANVko ordezkariak batzorde informatibo eta Osoko Bilkura guztietara deituak" dira eta "beti Osoko Bilkuretako deialdia nahiz dokumentazioa bidaltzen" zaie. Gobernu Batzordearen osaketaz, koalizioak dio, "gobernatzen duen talde edo taldeek osatu" behar dutela, hala ulertzen dutela haiek eta "demokraziaren jokoaren barruan dagoen zerbait" dela. Etxarriko NaBaik dio hauteskundeetara "herriaren gestiorako aurkeztu" zela eta haiendako hori dela "lehena" eta "gauzak ahalik eta ongien egiten" saiatzen dela ziurtatu du. IritziazKoalizioak bere oharrean dio "urtetan etxarriar askok iritzi politikoa adierazteko kontuz ibili behar izan dugu, eta oraindik ere horrela da Batasunaren inguruko pertsona batzuen erasoa, presioa, irainak eta abar direla eta. Herritar askorentzat ez da ondorio txarrik gabeko adierazpen askatasunik izan. Noizko herritar guztientzako adierazpen askatasuna?".NaBaik bere oharrean aurreko legealdia gogora ekarri du, zerrenda bakarrak kargu guztiak eskuratu zituena. Koalizioak dio orduan "inork ez zuen kontrako ezer esan. Herrian jende askok jakin badaki zergatik ez zen beste zerrendarik aurkeztu 2003. urtean. Baina errespetua izan zen hamaika zinegotziei eman zitzaiena". Bestalde, koalizioa ez da hartu-eman mediatikoan sartzeko prest azaldu, eta "hitz egin beharrekoak bere bidea eta tokia" baduela esan du. Azkenik, "herritar guztiei irekiak" daudela jakinarazi du Etxarriko NaBaik. Aldi berean, herritarrek jai egunetan "ederki pasatzeko" nahia azaldu du.