Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eguraldia lagun, zazpietarako Andra Mari ermita inguru guztia mahai, aulki eta abarrek hartuta izanen dute. Etxafuegoa lehertu eta gero mahaira eseri eta merendatzen hasiko dira etxarriarrak. Herrira jaitsi aurretik dantzakia dantzatuko da eta txistuaren doinuarekin plazara jaitsiko dira, kalejiran. Kioskoan Drindots taldea zain izanen dute dantzaldia ordu txikitaraino luzatzeko. San AdrianAstelehenean ospatzean iaz baino jende gutxiago egonen dela aurreikus liteke, baina etxarriarrek egun horri debozio handia diotenez, batek daki. Goizter mugituko dira asko, 10:30ean udalak banatzen duen fritada (haragi gisatua) eta zopa dastatzeko. Ondoren, bazkaria prestatzen hasiko dira batzuk, besteak, ardo kupelen ondoan hizketan geldituko dira, txikiak jolasean ariko dira eta eguerdian ermitara mezetara ere joanen da. Hiruretan mahaira eseriko dira, majo bazkaltzera. Txistuaren deiak, seiak aldera, mahaitik jaikiarazi eta lehen dantzak egitera gonbidatuko ditu etxarriarrak. Dantzakia dantzatu eta Gernikako Arbola abestu ondoren, ermitan sartu irtena egin eta herrira eramanen dituen kalejira luzeari ekinen diote. Herrian, festak, Orotz taldearen dantzaldiarekin segituko du gauerditik aurrera.