Debekua gauzatzeko herrian Guardia Zibila zabaldu zen. Manifestazioa abiatzen saiatzean tirabirak sortu ziren eta 20 zauritu baino gehiago eragin zituzten istiluek. Epaileak autoan azaldu duenez, manifestazioa hastean, hogeita hamar manifestari "polizia lerroaren gainera" joan ziren eta guardia zibil batek ukabilkada jaso zuen. Gertaera horiengatik bi herritar inputatu zituzten, Koldo bera eta Juan Kruz Aldasoro Jauregi. Azken horren kontra ez zuten ezer eta diligentziak artxibatu ziren. Epaiketaren autoan guardia zibilen buruak dio kolpearen unea ez zuela ikusi. Bestalde, kolpea jaso zuen guardia zibilak epaiketan akusatua identifikatu zuen arren, egun hartako atestatuak egiaztatzen du ez zuela ezagutu. Defentsak, berriz, hainbat argazki erakutsi ditu eta hor ikusten da, guardia zibilek ziotenez beste jantzi batzuk zituela Barandallak. Gainera, akusatua istiluan ez zegoela dioten bi lekukoren testigantza aurkeztu zuten. Guztia kontuan hartuta, epailearen ustez fiskalaren frogak ez dira erabakigarriak, eta errugabetasun printzipioa lehenetsiz, errugabe dela ebatzi du.