Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostiralean, patroiaren eguna ospatzeko egiten diren meriendak, Andra Mari ermitaren inguruan egin ordez frontoian egin zituzten. Aterpean jaki gozoak dastatzeko aukera izan zuten bildutakoek. Dantzaldiarekin despeditu zen San Kiriko festa. San AdrianEguraldia ikusita, askok eta askok aurretik pentsatua zuten San Adrianen bazkaltzera ez gelditzea. Hala ere, ugari izan ziren beheko basora goiz pasa joan ziren etxarriarrak. Fritadak (haragi gisatua) eta zopa gorputza berotzeko eta lehen ardo tragoak emateko aitzakia eman zuten. Udalak emandako hamaiketakoaren akaberan aterkia atera behar izan zen. Goizean zehar, tarteka, euria bota zuen. Eguerdian, mezara jendea poliki bildu zen. Bitartean zazpi bat mahai toldo eta plastikoekin babestu zituzten. Haiek izan ziren basoan bazkaltzera animatu ziren bakarrak. Ordu bata eta erdi pasak zirenean udalaren kamioia herrira jaitsi zen. Udaletxe aurrean jarraitu zuen auzateak. Bitartean, herriko elkarte guztiak lepo zeuden eta hainbat etxetan ere jangelak gainezka zeuden. Bazkari ederrak egin eta gero, 20:00etan, zanpantzarrak kalejira abiatu zuen. Herrian barna egindako ibilbidean txistularien eta herritarren laguntza izan zuten. Auzate mugikorra ere izan zen. Ohi bezala, kalejira dantzakia dantzatuz despeditu zuten. Ondoren dantzaldia ordu txikiak arte luzatu zen.