Egoi Martinez eta Gorka Verdugo, Euskaltelekin Tourrera

Guaixe 2008ko ekainaren 24a

Uztailaren 5ean hasiko da urteko lasterketarik ezagunena, Frantziako Tourra. Prestaketak aspaldi hasi badituzte ere, taldeak orain ari dira jakinarazten zita inportante honetarako dituzten asmoak. Euskaltel-Euskadi taldeko Migel Madariaga managerrak adierazi duenez, "2007ko lana hobetzeko asmoz" joango dira Frantziako Tourrera, eta ez dio ezeri uko egiten, etaparen bat irabazi edo sailkapen orokorrean aurrean egotea, kasu. Talde laranjak Tourrean parte hartzen duen zortzigarren urtea izango da honakoa.Oinarria, talde lanaIzan ere, Euskaltel-Euskadik astelehenean aurkeztu zuen Tourrera eramanen duen taldea. Haimar Zubeldia, Mikel Astarloza, Samuel Sanchez, Iñaki Isasi, Amets Txurruka, Ruben Perez, Juanjo Oroz, Egoi Martinez eta Gorka Verdugok osatuko dute taldea. Gogoratu iaz talde laranja talderik borrokalariena izan zela, baina hala ere, ez zen garaipenik eskuratzeko gauza izan. Nolanahi ere, Zubeldia eta Astarloza sailkapen nagusiko aurreneko hamarren artean sailkatu ziren. Aurtengo helburu garrantzitsuenetakoa etapa garaipena bilatzea izanen da, eta horretarako aukeratu dute Samuel Sanchez bederatzikorako. Badirudi argi dagoela bakoitzaren zeregina zein izanen den. Zubeldia eta Astarloza sailkapen nagusiari begira ariko dira lanean, eta Sanchez etapa irabazteko ehizean murgilduko da. Aipatu hiruak taldeburuak izango dira. Gainontzekoek talde lan sendoa eginen dute, bi etxarriarrek barne. Izan ere, hori omen da taldearen sekretua, talde lan sendoa. Euskalteleko taldekideek adierazi zutenez, ilusioz gainezka joanen dira Frantziara. "Oso lan ona egiten ari gara, eta orain biribiltzea falta zaigu" azaldu zuten.