Udal kontu-hartzailea bere funtzioetara bueltatzeko eskatu du LABek

Guaixe 2008ko uztailaren 1a

LAB sindikatutik adierazi zutenez, Etxarri Arazko Udalak kontu-hartzailea "presionatu eta eraso" du eta "bere lana egitea debekatzen dio". Sindikalistek azaldu zutenez "udal kontu-hartzaileak zerga baten inguruko txostenak egin zituen eta udaletik hura bere egitekoa ez zela esan zioten. Ondoren beste funtzio batzuk jarri zizkioten kontu-hartzailerari". LABetik esan zutenez, bitan bildu ziren udalarekin "presio neurri guztiak desaktibatzeko eta langileari, giro normal batean, bere lana egiten uzteko". Azaldu zutenez, egoera bideratzeko Toki Administrazio Departamentuaren bitartekaritza proposatu zuten "baina udalak ez du erantzun eta kontseilariarengana joaz beste presio bideak jorratzeko aukerak esploratu ditu". LABek azaldu duenez, kontu-hartzaileak Nafarroako Auzitegi Administratiboan helegitea aurkeztu zuen eta "langilearen aldeko ebazpena eman du. Ez du bere funtzioen muga gainditu eta bere egitekoen artean dago enpresa eta erakundeei informazioa eskatzea". Sindikatuarendako ebazpenak "udalak hartutako erabaki batzuk baliogabetu egiten ditu".