Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Joan zen asteburuan eman zioten hasiera Egur Sport enpresak antolatutako 2008ko Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligari. Bertan, berriki bukatu den Banakako Urrezko Aizkolariak txapelketako sei aizkolari onenek lehiatuko dira nor baino nor. Joan zen asteburuan izan zituzten lehenengo bi jardunaldiak, bietan ere, lan berberarekin: hasteko, 45 ontzakoa kolpeka moztu; bigarrenean, neurri bereko enborra erlojuz kontra; hirugarrena, bi 45 ontzako, bat zutik eta bestea etzanda; laugarrena, 60 ontzakoa; eta, amaitzeko, lan luzeena, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako. Ostiralean, Hernanin, Donato Larretxeak, Joxemari Olasagastik eta Lopez Azpilikuetak neurtu zituzten indarrak. Larretxea izan zen denetan azkarrena, 12:41eko denborarekin. Olasagastik, bigarrenak, 14:51eko marka egin zuen eta, hirugarren postuan, Lopez Azpilikuetak, 14:51koa. Larunbatean, berriz, Ondategin, Nazabalek ere Olasagasti eta Lopez Azpilikuetarekin neurtu zituen indarrak. Nazabalek egin zuen markarik onena, baina, orokorrean, egindako markak bezperakoak baino txarragoak izan ziren. Etxarrikoak 15:31n amaitu zituen lanak, Lopez Azpilikuetak 17 minutu behar izan zituen eta Olasagastik 18:04.