Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ebazpenak iazko lastailaren 22ko akordioaren lehen zatia baliorik gabe utzi du, hala dioena: "hemendik aurrera azken 4 urtetan likidatua dagoen EIOZri buruzko inolako espedienterik zabaltzea" eta "gaiarekin lotuta, bere izenean idatziak egiteari utzi eta enpresetara, partikularrei edo erakunde publikoei zuzentzea" eskatu ziona.Ebazpenak ere baliorik gabe utzi du udalaren Gobernu Batzordeko azaroaren 5eko erabaki bat zeinetan kontu-hartzaileari eskatu zitzaion "gaiarekin zerikusia duen idatzi eta jarduera guztiak geldiarazteko, egindako jarduera guztiak zuzenbide osoz deus ez direnaren susmoa izateagatik, ez dagokion organoak tramitatu dituelako, eta legeak agindutako prozedura baztertuz". Nafarroako Auzitegi Administratiboaren ebazpenaren zuzenbideko oinarrietan lehenik eta behin "barne fiskalizazioaren eta kanpo inspekzioaren funtzioen arteko ezberdintasuna" egiten da. Horrekin batera, "EIOZ-ren behin betiko likidazioaren inguruan udal kontuhartzailetzaren txosten eta proposamenen natura juridikoaz" ari da. Halaber, ebazpenean jaso da ezin dela kontu-hartzailea "EIOZren azken likidazioari buruzko bere proposamenak eta txostenak udalak aurrez zehaztutako taulekin egitera behartu". Nafarroako Auzitegi Administratiboaren ebazpenean jasotzen denez, "kontu-hartzaileak ez du ahalmenik EIOZ-ren subjektu pasiboengandik jasotzeko aurreko urteetako sozietate-zergako deklarazioak, BEZ deklarazioak, egoera balantzeetan aitortutako kopuruak, zergetarako aitortutako ibilgetu materialean egindako inbertsioak, horregatik jasotako dedukzioak edo kontabilitate-kontuetako kontu-laburpenak". Ebazpenean auzitegiak egoki jotzen du kontu-hartzaileak eskatzea "egitasmoak, enpresa hornitzaileen edo kontratisten fakturak, obra zertifikazioak eta egindako obren fakturak. Obren benetako kostea eta efektiboa zein den zehazteko beharrezkoak direlako edo izan daitezkeelako". Azkenik, auzitegiarendako udalak hartutako erabakiak "kontu-hartzailetzari legez onartutako funtzioetan esku-hartzea" da.