Amaia Razkin EGO-ren udako topaketan

Guaixe 2008ko uztailaren 17a

2004an gainditu zituen Amaia Razkinek EGO-ko hautapen probak. Orduz gero, zenbait topaketetan parte hartu du, bai Euskal Herrian, baita atzerrian ere, Txinan edo Italian esaterako. Aurtengoa 4. topaketa izanen du Etxarriko biolinistak. Biarritzeko Ballet Gaztea lagunUda honetan berrikuntzekin dator EGO. Bere historian lehen aldiz ballet bat izanen du bidelagun: Biarritzeko Ballet Gaztea. Harekin batera igoko da taulara datorren astean eskainiko dituen kontzertuetan. Igandean, hilaren 20an irekiko dute udako zikloa Bakion; astelehenean Donostian joko dute, Kursaalen; asteartean Gasteizerako bidea hartuko dute, Printzipal Antzokian jotzeko; Bilbon joko dute asteazkenean, Euskalduna Jauregian; eta azkenik, uda honetako emanaldiak ixteko, Zarautzen joko dute hilaren 24an, ostegunean. Juan Jose Oconen zuzendaritzapean, oso programa osatua eskainiko du EGO-k kontzertu horietan. Luxuzko bi obrek emanen diote hasiera kontzertuari: I. Stravinskyren Suzko txoria obrak eta M. Ravelen Boleroa ezaguna. Azken horretan Biarritzeko Ballet Gazteak bat eginen du ikuskizunarekin. Emanaldiaren bigarren zatian ganbara-musikak izanen du protagonismoa. T. Aragüesen Suite klasikoa eta Euskal suitea, H. Villalobosen Abesbatza formako boskotea, J. Maletaren Batetik bostera, S. Brotonsen Enfasia 9. op. eta E. Diz-en Hiriko harrabotsa obrekin gozatu ahal izanen da. Kontzertu horiek prestatzeko EGO-ko musikariek hiru asteko egonaldia eginen dute Eibarko hezkuntza-esparruan. Taldeko entseguez gain, instrumentista bakoitzak bere berezitasunak landu ahal izan ditu. Amaia Razkinek eta gainerako biolinistek RTVE-ko kontsertino Miguel Borrego eta Musikeneko Catalín Bucataru izanen dituzte irakasle. Entzunaldiak Euskadiko Orkestrarekin eta Espainiako OrkestrarekinUdaberri oparoa izan da aurtengoa Etxarriko biolinistarendako. Aste Santu aurretik entzunaldia egin zieten EGO-ko 40 musikariri eta zenbait musikari ohiri. Horietan emandako mailari esker, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren bi programetan bekadun ariko da Amaia Razkin.Bestalde, Espainiako Gazte Orkestra Nazionaleko (JONDE) hautapen probak egin zituen apirilean. Estatu osoko 150 biolinista inguru aurkeztu ziren probara eta horietatik 60 hartu dituzte JONDE-ren biolinista boltsarako. 42. postuan dago Amaia Razkin etxarriarra.