Laukotea 2005ean bildu zen entseatzera. Lokalean lanean aritu eta gero, 2006an aurreneko kontzertua eman zuen Egurrek. Ondoren gehiago etorriko ziren. Hasiera hartan emanaldietan kantatzen zituzten kanta gehienak gaztelaniaz ziren, baina abeslaria euskaldundu egin da eta orain euskara da nagusi taldearen errepertorioan. Haiena beste estiloekin bustitako punka da. MaketaEntsegu lokalean Egurrek landutako doinuak, berriki maketa batean jaso ditu. Maiatzeko 5 egunetan grabatu zuen taldeak maketa, Iker Piedrafitak Artikan duen estudioan. Taldekide gehienendako estreinaldia izan zen estudio lanean eta emaitzarekin "pozik" gelditu dira Joxe Zakilak esan digunez. 8 kantu biltzen ditu Egurreren maketak. Guztiak taldeak sortuak, Nahaste Borraste doinua ez beste. Izen bera zuen taldearen doinu baten bertsioa da maketan opatuko duena entzuleak. Ez dago barkamenik kantuan biolentziaz ari zaizkigu Egurrekoak. Politikariak tituluak argi uzten du abestiaren gaia. Naval-Xixon-en hiri hartako ontziolaren itxiera du hizpide. El niñon Madrilgo gizarte-kronika egiten du Egurrek. Euskal Herri berriaren inguruan ari dira Badator kantuan. Nafarroa hizpide da beste kantu batean eta Sustraiak abestiak Espainiako gerra zibila da gaia. Taldeak maketaren 500 kopia karrikaratu ditu eta ohiko tokietan 5 eurotan salgai dago.