Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hosto gorri dendako Amagoia Lizarragak Beleixe Irratiari adierazi dionez, apirilean Altsasun egin zen azokatik hartu dute ideia dendari etxarriarrek. Amagoiak azaldu duenez, "herriko dendariak gure artean hitz egiten hasi ginen: biltegian gauza asko gelditzen zaizkigula eta irteera nola eman". Stock azokarena ideia egokia iruditu zitzaien eta aurrera egitea erabaki zuten. Hala, dendariek biltegiak hustutzeko aukera izanen dute eta erosleek maukaren bat lortzeko aukera izanen du. Parte-hartzaileakEtxarriko stock azoka 10:00etatik 21:00etara egonen da zabalik, plazan bertan. Eguraldiak lagunduko ez balu Euskalerriari pilotalekura leku-aldatuko litzateke. Gainera, arratsaldean, gurasoek erosketak lasai egin ahal izateko puzgarriak jarriko dituzte txikien gozagarri. 17:00etatik 21:00etara izanen da hori. 8 postu ikusteko aukera izanen da: Eskulanak, Hosto Gorri, Izaskun, Kaxeta, Lasa Kirolak, Opolin, Sabando eta Traskil. Hala, salgaien artean arropa, altzariak eta beste izanen dira. Etxarri Aranazko dendariak ez daude elkarte batean bildurik. Stock azokaren balorazioa egin ondoren, dendariek "zer dagoen eta zer egin daitekeen aztertuko" dutela aurreratu du Amagoiak. Biharko esperientziak azoka berriak ekarriko ote dituen ere aztertuko dute. Bitartean, hainbat dira biharko egunean maukaren bat opatzea espero duten herritarrak.