Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
12 aizkolari ziren lehiatzekoak igandean Lantzen jokatu zen III. Mailako Euskal Herriko Aizkora Txapelketako bigarren kanporaketan eta azkenean 10 aritu ziren. Xabier Alkizalete gipuzkoarra lesionatuta dago, eta Xabier Garitaonandia berandu ailegatu zenez, arautegia betez ezin izan zen lehiatu. Lau kanaerdiko ebaki zituzten 10 aizkolarien artean Goizeder Beltza etxarriarra aritu zen. Espero zen bezala, Aitzol Atutxa bizkaitarrak egin zuen lan onena (8:26). Ziztu bizian aritu zen lanean, bikain. Haren atzetik Aratz Mugertza gipuzkoarra sailkatu zen, minutu pasara (10:04), bezperan 7 Herrialdeen Artekoan Gipuzkoa ordezkatu eta gero. Goizeder Beltza etxarriarrak ahal zuen guztia eman zuen eta hamargarrena izan zen (14:52). Urriaren 19an jokatuko da III. Mailako Euskal Herriko Aizkora Txapelketako finala, Altsasuko Ferietan. Finalean jokoan dauden hiru kanporaketetan sailkatutako lehen bi aizkolariak ariko dira. Gorritiko kanporaketan Ander Erasun eta Asier Pellejerok lortu zuten finalerako txartela eta Lantzekoan Aitzol Atutxak eta Aratz Mugertzak. Azken kanporaketa irailaren 28an jokatuko da, Urrotzen. Lehian ariko diren 12 aizkolarien artean Etxarri Aranazko Juanjo Erdozia eta Sakanako Aizkora Eskolan ari den Arkaitz Jauregi arabarra ariko dira.