Kultur astea Etxarri Aranatzen

Guaixe 2008ko irailaren 19a

Atzo arratsaldean kultur etxera hurbildu zirenak Sahara no se vende dokumentala ikusteko aukera izan zuten. Filma saharar herriaren historian barnako irudi bidaia da, zeinetan errefuxiatu kanpamenduetan bizi duten egoera eta etorkizunera begira gatazkaren klabeak ematen dituena. Aljeriako desertuko gunerik latzenean bizi diren pertsonen berri emanez hasi bazen kultura astea, gaur ostiraleko segida musikarekin eginen du. Kultur etxean, 20:00etan, Francisco Javier Asensio etxarriarrak eta Ainhoa Iriarte barañaindarrak akordeoi kontzertua eskainiko dute. Bi akordeoilariek musika klasikoz eta XX. mendeko musika lanez osatutako errepertorioa eskainiko dute. Bai Francisco Javier bai Ainhoa Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleak dira eta gaur egun goi mailako ikasketak bukatzear dituzte. AntzerkiaKultur asteko plater nagusia bihar, larunbata, Euskalerriari pilotalekuan jokatuko den pastorala da. Xiberuko Jauna obrarekin Zuberoako 4 herritako 130 bat biztanlek Oier III.a zenaren berri emanen dute. Larunbateko antzerki tradizionalak igandeko bertso antzerkiari emanen dio txanda. Trikuharri taldeak igandean, 18:00etan, 1, 2, 3, Inaxito antzezlana taularatuko du. Istorio xelebreak bertso, musika, kantu eta oso pertsonaia berezien bidez kontatuak. Guztiak ere irudimena landuz, guztien artean zenbakiak bilatu eta aurkitzeko. 5 eta 12 urte bitarteko haurrendako emanaldia da igandekoa. IpuinakKultur asteak igandekoa eta gero osteguna bitarte etena izanen du. Ostegunean, 17:00etan, udal liburutegian Izaskun Mugika ipuin kontalaria izanen da. 4  urtetik aurrerako haurrek ipuin beldurgarriekin gozatzeko aukera izanen dute. Kultur astea hurrengo ostiralean despedituko da, gitarra kontzertu batekin.