Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroarekin Zazpi Herrialdeen Arteko Herri Kirol Txapelketa irabazi eta gero, Floren Nazabal aizkolaria beste txapelketa batean murgilduko da, igandean jokatuko baita Nafarroako Lehen Mailako Aizkolarien Txapelketako kanporaketa. Uharte Iruñeko Toki Alai pilotalekuak hartuko du kanporaketa, 17:30ean hasita. 10 aizkolari ariko dira lehian, eta denbora onena egiten duten lehen bostek lortuko dute urriaren 7an Etxarri Aranazko Ferietan jokatuko den final handirako sailkatzea. 5 enborreko lanaUharte Iruñeko kanporaketan lehiatuko diren 10 aizkolariak hurrengoak dira: Miel Mindegia, Donato Larretxea, Juanjo Lopez, Daniel Vicente, Joxejuan Barberena, Antonio eta Aitor Senosiain, Jon Rekondo, Antonio Jaunarena eta Floren Nazabal. Iazko txapelduna Nazabal izan zen, eta printzipioz aurten bera dugu ere faborito nagusietakoa, are gehiago aurreko asteburuan Herialdeen Arteko Txapelketan eman zuen maila bikaina ikusita, baina Lopez, Mindegia eta Larretxea ez dira urruti ibiliko. Igandeko kanporaketan aipatu hamar aizkolariak hiru multzotan banatuko dituzte eta aizkolari bakoitzak kanaerdiko bi enbor, 60 ontzako bi eta oinbiko bat erdibitu beharko ditu. Esan moduan, lehenengo bost onenek urriaren 7an Etxarri Aranatzen jokatuko den final handian ariko dira. Iazko finalean Nazabal, Larretxea, Lopez, Mindegia eta Barberena aritu ziren. Nazabalek iazko markarik onena egin zuen kanporaketan (14:27) eta gero berak jantzi zuen txapela finalean. Txapeldunordea Lopez lezaundarra izan zen.