Nazabal erraz sailkatu da finalerako

Guaixe 2008ko irailaren 22a

Zalez beteta zegoen Uharte Iruñeko Toki Alai pilotalekuak Nafarroako Lehen Mailako Aizkolarien Txapelketako kanporaketa hartu zuen atzo. 10 aizkolari aritu ziren finalerako bost txartelak eskuratzeko lehian: Miel Mindegia, Donato Larretxea, Juanjo Lopez, Daniel Vicente, Joxejuan Barberena, Antonio eta Aitor Senosiain, Jon Rekondo, Antonio Jaunarena eta Floren Nazabal. Hiru multzotan banatuta aritu ziren lanean, eta aizkolari bakoitzak pagozko kanaerdiko bi enbor, 60 ontzako bi eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen. Lehen txandan Lopez, Larretxea, Vicente eta Jaunarena aritu ziren. Lopez izan zen azkarrena, primerako sasoian dagoenaren adierazle. Bigarren txandan Rekondo, Mindegia eta Aitor Senosiain lehiatu ziren, eta Mindegia izan zen azkarrena. Eta hirugarrenean, Nazabal, Antonio Senosiain eta Barberena. Iazko txapeldun Nazabal zen proba irabazteko faborito nagusiena eta hala gertatu zen, bere txandako onena eta kanporaketa guztiko azkarrena izan baitzen. Gainera iazko marka ondu zuen etxarriarrak: iazko txapelketan lan berbera eginda 14:27 denbora behar izan zuen betebeharra despeditzeko, eta igandeko kanporaketan, aldiz, 13:30ean despeditu zituen lanak, bere marka 57 segundotan onduz. Markak hobetuNagusitasun handiz lortu zuen finalerako txartela etxarriarrak (13:30), Juan Jose Lopez bigarrenari (14:28) eta Miel Mindegia hirugarrenari (14:32) minutu bateko aldea aterata. Hauekin batera Donato Larretxea (14:54) eta Antonio Senosiain (16:01) ariko dira urriaren 5ean Etxarri Aranatzeko Ferietan jokatuko den Nafarroako Lehen Mailako Aizkolarien Txapelketako final handian. Aldiz, kanporaketan azken bi tokitan sailkatu ziren Jon Rekondo eta Daniel Vicente bigarren mailara jaitsiko dira, Nafarroako Maila Nagusia galduz. Aipatzekoa da finalerako sailkatu diren aizkolari guztiek iazko denbora hobetu dutela. Joan zen urteko ia final berbera ikusteko aukera izango da urriko lehen igandean Etxarrin, baina Antonio Senosiain ariko da lanean, Barberenaren ordez. Iaz Barberena bosgarren sailkatu zen eta Senosiain seigarren, baina aurten alderantziz gertatu da.