Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo Logroñoko Adarraga pilotalekuak San Mateotako Binakako Torneoko beste partida bat hartu zuen. Berasaluze VIII.ari eta Beginori egin behar zieten aurre Xala eta Oskar Lasak. Pablo Berasaluzek aurtengoa bere denboraldi onena dela probatu zuen atzera ere, partida bikaina jokatu baitzuen. Bera eta Begino modako bikoa direla agerian utzi zuten. Egia esan, partidak ez zuen kolorerik izan, Berasaluzek eta Beginok 22-14 hartu baitzituzten menpean Xala eta Oscar Lasa. Lehendabiziko pilotakadatik partida lortzera atera ziren. Berasaluze aurreko koadroetan Xala baino gehiago izan zen. Berasaluze eta Begino markagailuan aurreratu ziren, baina Xalak eskuetako takoak aldatu eta gero hobeto jokatzen hasi zen eta markagailuan 18-8 joatetik 18-14ra hurbildu ziren Xala eta Lasa. Baina hortik aurrera Berasaluzek egindako gantxo eder bati esker nagusitasuna berreskuratu eta 22-14ra joan ziren zuzenean. Partidako onena Berasaluze izan zen, 11 tanto egin baitzituen, horietatik batzuk ikusgarriak. San Mateotako Binakako Torneoko lehen partida galdu eta gero, Xala eta Lasak Titin III.a eta Barriola izanen dituzte aurkari bigarren lehian, bihar, asteazkenean.