Xala eta Lasa San Mateotako Binakako finaletik kanpo

Guaixe 2008ko irailaren 25a

Atzo itxura kaxkarra eman zuten Xala eta Oskar Lasa etxarriarrak, Logroñoko San Mateotako Binakako bigarren partida galdu egin baitzuten, 22-6, Titin eta Barriolaren kontra. Finalera sailkatzeko aukera asko ez zituzten, Berasaluze VIII.a eta Beginoren kontrako lehenengo partida galdu baitzuten, eta horregatik irabaztera behartuta zeuden. Baina ezin izan zuten Titin III.a eta batez ere maila bikaina ematen ari den Abel Barriolaren kontra ezer egin. Adarragan gurtzen duten zale fidelak gozarazteko primerako bikotea topatu du Titinek: sasoi betean dagoen Barriola, uda honetako atzelari onena. Egia esan bikoak oso errez menperatu zituen Xala eta Lasa. Partidako gakoa atzeko koadroetan egon zen, Barriola Lasa baino askoz gehiago izan baitzen eta Xala leitzarraren agintean ezkutatu baitzen. Hortaz, Titinek nahi zuen bezala erabaki zuen aurrean. Berehala atzeman zen Xala eta Lasak ez zutela partidari buelta emateko indarrik ezta adorerik ere. Hortaz, finaletik kanpo geratu dira. Titin eta Barriolak Berasaluze eta Beginoren kontra jokatuko dute bihar, eta irabazlea finalerako sailkatuko da. Finalerako beste txartela gaur erabakiko da, Olaizola II.ak eta Ruizek Bengoetxea VI.aren eta Belokiren kontra jokatuko dute, 19:15etik aurrera. Azken hauek lehen partida irabazi zuten, eta gaur 16 tanto egitea nahikoa dute finalerako sailkatzeko. Aldiz, Olaizola II.ak eta Ruizek, lehen partida galdu zutelako, gaur zazpi tantoko aldearekin irabazi behar dute finalera heltzeko. Partida ETB1ek eskainiko du zuzenean. Eta Adarragako gaurko jaialdi hori zabaltzen duen partidan, Ismael Chafee zuhatzuarrak eta Oteizak Galarza V.ari eta Beroizi aurre eginen diete.