Nazabal, txapelaren bila

Guaixe 2008ko urriaren 3a

Etxarri Aranazko ferietan jokatuko da, atzera ere, Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketako finala. Jaialdia Euskal Herriari Udal Pilotalekuak hartuko du, 10 euroko sarrera ordainduta, urriaren 5ean, igandean, 13:00etatik aurrera. Uharte Iruñeko kanporaketan hurrengo aizkolariek lortu zuten finalerako txartela: Floren Nazabal etxarriarra, Juanjo Lopez lezaundarra, Mikel Mindegia ezkurratarra, Donato Larretxea arantzarra eta Antonio Senosiain olaguetarra. Final handian aizkolari bakoitzak pagozko kanaerdiko bi enbor, 60 ontzako bi eta oinbiko bat erdibitu behar izango ditu. Floren Nazabal da txapela janzteko faborito nagusia. Uharte Iruñeko kanporaketan erakustaldi bikaina egin zuen etxarriarrak, eta kanporaketa irabazteaz gain, iazko marka ondu zuen etxarriarrak: iazko txapelketan lan berbera 14:27 denboran egin zuen, eta Uharte Iruñeko kanporaketan 13:30 denboran, bere marka 57 segundotan onduz. Juan Jose Lopez bigarrenari (14:28) eta Miel Mindegia hirugarrenari (14:32) minutu bateko aldea atera zien. Sasoi betean dago etxarriarra, eta iaz etxean lortu zuen txapela aurten ere lortu nahi du, bere jaioterrian eta bere zaleen aurrean. Nahiz eta finalerako txartela nagusitasun handiz lortu, gainontzeko aizkolariak dena ematera aterako dira igandean. Lopez eta Mindegia izanen dira, akaso, arerio konplikatuenak, baina Uharte Iruñeko kanporaketan bost finalistek iazko denborak ondu zituzten, eta horrek erakusten du prestaketa ona egin dutela. Baina ea atzera ere Floren Nafarroako txapeldun ikusten dugun.