Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udaberri Elkarteak hainbat babesle eta laguntzailerekin batera antolatuta, Etxarri Aranatzen mendira joan-etorriaren XXXIII. edizioa jokatuko da igandean, Urriaren 5ean, Etxarriko Ferietako ospakizunekin batera. Goizeko 11:00etan hasiko da proba eta lehiatu nahi direnek igandean bertan eman beharko dute izena, 10:00ak baino lehen. Ohi bezala, korrikalariek Etxarriko plaza eta barga gaineko joan-etorria egin beharko dute. Probak 10 km-ko luzera du eta 600 metro inguruko desnibel pilatua. Juan Mari Garinek du lasterketako errekorra. Zizurkildarrak 42 minutu eta 50 segundotan gelditu zuen erlojua 2001 urtean. Errekor hori ontzen duen korrikalariak 200 euroko saria jasoko du. Bestelako sariak ere izanen dira, lehenengoarendako 120 euro eta garaikurra, bigarrenarendako 90 euro eta garaikurra eta 60 euro eta garaikurra jasoko ditu helmugan hirugarrena denak. Aurreneko hiru etxarriarrek ere trofeoak jasoko dituzte, eta lehenengoari, gainera, 60 euro emanen zaizkio. Azkenik, beterano azkarrena ere sarituko da eta garaikurra jasoko du. 1976an herriko 3 gazteren arteko apustu batetik sortu zen proba horretan parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa izanen da. Iaz 30 korrikalari lehiatu ziren, erdiak sakandarrak. Azken lau urteetan, Garinen errekorra hobetu ez arren, Arrasateko Zuhaitz Ezpeletak irabazi du mendiko joan-etorria eta herrikoek bitan baino ez dute garaipena lortu, 1976an, Lizarragabengoako Fernando Floresek eta 2002an, Ander Unzurrunzagak. Ea aurten zer gertatzen den.