Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bi urteko lanak, bilerak eta buruhausteen ondoren elkarteaz gozatzeko aukera heldu zaie Karrikestu elkarteko bazkideei. 71 dira eta "gehiagorendako ateak zabalik daude". Zuzendaritzako kide batek azaldu zigunez, larunbatean mustutako elkartea "Udaberri elkartearen inguruan sortutako ideia izan zen". Asmoa gorpuzteko lur saila erosi, han zegoen etxea bota eta berria jaso dute. Guztia aurrera eraman ahal izateko zuzendaritza batzordeaz gain ekonomia, lanak eta barne arautegi batzordeak sortu dira eta guztien aurrean atera dute Karrikestu aurrera. EraikinaBatzar pila baten ondoren eraikin "oso polita" lortu dute. Karrikestu kaleko argazki zahar baten erreprodukzioa duen murala ere ikusgai dago. Sotoan biltegia, egurra gordetzeko tokia eta bulegoa ditu. Lehen solairuan barra eta hainbat mahai daude. Bigarren solairuan, berriz, sukaldea eta jangela. Zuzendaritzako kidearen arabera "100 eta 120 pertsona sar litezke mahaitan". Karrikestu elkartearen barne araudian jasoa dago "ezkertiarra, abertzalea, euskalduna eta irekia" izanen dela. Kide batek esan zigunez "irekia den aldetik herriari gauzak eskaintzeko intentzioa dago. Kultur ekintzak eta abar antolatzea". Horretarako taldea sortzeko asmoa omen dago. Karrikestu elkartearekin sei dira Etxarrin dauden elkarteak. Elizazpi, Gure Etxea, Harzabal, Udaberri eta Larrañeta dira besteak.